bera - Jendetza bildu zen igande eguerdian Berako Kultur etxean, Bortzirietako Euskaraldiaren aurkezpenera. Ekitaldia girotzeko, Errekaldetik oholtza gainera Arantzako ttunttunlari, akordiolari eta atabalariak arduratu ziren kalejiran musika doinueak hedatzeaz eta taula gainean berriz, Igantziko dantzarien saioa eta Etxalarko trikitilarien emanaldia izan ziren. Ainhoa Larretxea beratarrak eta Joseba Olagarai etxalartarrak aurkezturiko ekitaldiaren hasieran, Euskaraldiaren inguruko zertzeladak eman zituzten; ondotik, Bortzirietako bertso eskolak aurkezpenerako prestaturiko bertsoak entzun ahal izan ziren.

Bortzirietan, Bortzirietako Euskara Mankomunitateak eta bortz udalek, (Arantza, Bera, Etxalar, Igantzi eta Lesakako udalak) Euskaraldiarekin bat egin dute. Gainerako herrietan bezalaxe, Bortzirietan ere, euskalgintza eta erakunde publikoak elkarlanean ari dira Euskaraldia antolatzen. Bortzirietako Euskara Mankomunitateko lehendakaria den Mentxu Peña eta Juankar Unanua Igantziko alkatea taula gainera igan ziren, Euskaraldiaren bi rolen, Ahobizi eta Belarriprestaren inguruan hitz batzuk eginez. Peña Ahobizia eta Unanua Belarriprest izanen dira Euskaraldian.

Segidan, ekainean Beran egin zen aurkezpenerako propio sorturiko kantua kantatu zuten Lizar Elexpuru eta Eneritz eta Ekiñe Zapiainek.

Ondoren, bailarako hamaikakoaren aurkezpena egin zen. Hauek osatzen dute Bortzirietako Euskaraldiaren hamaikakoa: Ahobiziak: Petti beratarra, Naiara Alberro lesakarra, Irune Elizagoien etxalartarra, Josu Sanjurjo lesakarra, Bittor Zugarramurdi aranztarra eta Idoia Urtxegi igantziarra. Belarriprestak: Kristina Arbues igantziarra, Maripi Irazoki beratarra, Monika Alvarez aranztarra, Ruth Vazquez lesakarra eta Mari Karmen Prieto beratarra.

Bakoitzak hizki bat hartuz, bi solas egiteko tartea hartu zuten eta denen artean, Euskaraldia hitza osatu zuten.

Ekitaldiaren hondarreko zatian, Petti beratar kantariak Xoria kantari kantatu zuen, eta bertaraturikoek Euskaraldian izen emateko aukera izan zuten. Ekitaldiaren akabailan, argazki bat atera zuten.

Datozen ekitaldiak Zenbait ekitaldi ere iragarri ziren; urriaren 10ean Igantzin Euskaraldiaren aurkezpen bilera eginen dute (Elizatean 18.00etan); Euskaraldia Bortzirietan ahalduntze saioak urriaren 15, 17 eta 18an Beran, Etxalarren eta Lesakan hurrenez hurren eginen dituzte Beñat Muguruzarekin; Beatriz Egizabalek Euskaraldiaz egindako Ttak bakarrizketa saioa Etxalarren, urriaren 18an eta 25ean Lesakan; eta hondar ekimena, urriaren 26an, ahobizi eta belarripresten bertso poteoa Lesakan eta urriaren 27an, Bakean dagoena bakean utzi binakako bakarrizketak Beran.

Ahalduntze saioak. Beñat Muguruzarekin eginen dituzte Beran, Etxalarren eta Lesakan.

‘Ttak’. Beatriz Egizabalek Euskaraldiaz egindako bakarrizketa Etxalarren eta Lesakan eskainiko du.

Bertso-poteoa. Ahobizi eta Belarriprestak bilduko ditu urriaren 26an Lesakan.

Binakako bakarrizketa. ‘’Bakean dagoena bakean utzi’ izenburupean eginen dute hilaren 27an Beran.