elizondo - Heldu den ortziralean, etzi, ospatuko da VIII. Mariano Izeta bertso sariketako finala, Elizondon, Arizkunenea Kultur Etxean. Arratsaldeko 19.30ean hasita, Mikel Lasarte, Amaia Elizagoien, Saats Karasatorre, Josu Sanjurjo, Sarai Robles eta Irati Majuelok parte hartuko dute bi urtean behin ospatzen den sariketako finalean. Joan zen ortziralean, Irurtzun eta Lizarran ospaturiko kanporaketetan sailkatu ziren aipaturiko bertsolariak. Kanporaketa bakoitzetik hiru bertsolari pasa dira finalera. Irur-tzungo saioan, Mikel Lasartek bildu zituen puntu gehien, 180; bere gibeletik Amaia Elizagoien, 170,5; Saats Karasatorre, 166,5; Patxi Castillo, 165,5; Idoia Granizo,160,5 eta Aitor Irastortza, 150,5 aritu ziren. Lizarran, berriz, Josu Sanjurjok 184, 5 puntu erdietsi zituen; ondotik, Xabat Illarregi, 180; Sarai Robles, 172,5; Irati Majuelo, 155,5; Endika Legarra, 146,5; eta Egoitz Gorosterrazu, 142,5 punturekin sailkatu ziren. Saio bakoitzeko hiru lehenbizikoek lortu zuten finalerako txartela, baina Xabat Illaregik ortziralean ezin egon duenez, bere lekua Irati Majuelok beteko du.

Nafarroako Bertsozale Elkartea eta Baztango Udala dira Mariano Izeta Sariketaren antolatzaileak, Baztango Bertso Eskolaren laguntzaz. 2004. urtean hasi ziren sariketa antola-tzen, Mariano Izetak (Elizondo, 1915-2001) herri kultura eta bereziki bertsolaritzaren alde egindako lan handia goraipatzeko helburuarekin. Jon Barberena, Oier Lakuntza, Jon Elizetxe, Iñaki Aleman, Aimar Karrika, Saioa Alkaiza eta Joanes Illarregi izan dira orain arteko edizioetako txapeldunak.