elizondo- Urteko lehenbiziko lan egunean ospatzen du Baztango Ba-tzar Nagusiak bere urteko lehenbiziko ohiko batzarra. Herenegun, asteazkenean, hala egin zuen. Urteko lehenbizikoa izanagatik, azken batzarra izan zuten hainbat batzarkidek, izan ere, herrietako alkateak bi urtean behin berritzen dira, hori dela eta, azken asteetan herriz-herri egindako batzarretan alkate berriak hautatu dituzte, Irurita, Arizkun eta Amaiurren izan ezik; hauetan heldu den igandean, Errege egunean eginen dituzten ba-tzarretan herriko ordezkaria aukeratzeko bertze saiakera bat eginen dute.

Gainera, lau urtetik behin, Baztango lau kuarteletako ordezkariak eta mendi komisionatuak aukeratzen dira, eta hauek ere orain aukeratuko dituzte. Beraz, beren karguak berrituko ez dituzten batzarkideek herenegungoa izan zuten azken Batzar Orokorra. Baztango Batzar Orokorreko Lehendakariak, Joseba Otondok, eskertu egin zien, Batzar Orokorraren izenean, urte hauetan herriarekiko hartutako konpromisoa. Alkate, batzarkide eta mendi komisionatu berriek hurrengo Batzar Orokorrean, apirilean, hartuko dituzte euren karguak, ofizialki. Ainara Velezek berriz, Baztango Udaleko behin behineko idazkari berriak, Batzar Nagusian bere lehenbiziko hitzordua izan zuen asteazkenekoa.

Batzarrean, puntu desberdinak landu zituzten, tartean, ohiko gisan, luberrien, iratzelai eta herri lurren okupazioen alta eta bajak, landaketa eskaerak, aprobetxamenduen titularitate aldaketak, uren aprobetxamendu edota titularitate aldaketak eta lur trukeak hizpide izan zituzten.

ALMANDOZKO HARROBIA Bertzelako puntuetan, Almandozko Acha harrobiaren harira, Nafarroako Gobernuko Ingurugiro Departamentuaren ebazpena mahai gainean jarri zuten. Duela urte batzuk Canteras Acha S.A. enpresak kudeatzen duen Arritxuriko harrobia zabaltzeko eskaera egin zuen eta Batzar Nagusiak, txostenak aztertuta eta Almandozen egindako galdeketan proposamen honen aitzinean baiezkoa nagusituta, onartu egin zuen eskaera.

Tartean, dena den, harrobitik materiala ateratzeko bide berri baten beharra ere ikusi zen eta horrek ere, bere garaian, eztabaida piztu zuen, herritarren artean desadostasunak izan ziren eta prozesua uste baino gehiago luzatu da urteetan, ingurugiro txostenak tarteko. Atzokoan, Ingurugiro Departamentuaren baiezko txostenaren berri eman zen. Juan Kruz Iriarte (EH Bildu) mendi zinegotziak proposatu zuen, Almandozen, herritarrekin batzar bat egitea, Ingurugiro Departamentuak onartutako balizko bidearen inguruko informazioa helarazteko, herritar guztiak jakitun izan eta horren arabera erabakiak hartzeko.

Era berean, Batzar Orokorreko kideak bilduko dituen bertze batzar informatibo bat egitea, hauek ere informazio osotua jaso dezaten eta honela, denek, egoeraren jakitun, erabaki kontzientea har dezaten. Luis Roldan, Almandozko alkateak deitoratu egin zuen urte anitz daramatela afera honekin eta Almandozko herritarrak nazkatuta daudela. Behingoan bide berria nondik joanen den jakin nahi dutela eta herritarrei lekua bertatik bertara erakustea nahi duela. Batzar informatiboak egitea eta denak egoeraren jakitun izatekin balizko bide berriaren inguruko erabakia hartzekotan gelditu ziren.