zubieta - Aurten 100 urte beteko ditu Zubietako plazak. Mendeurrena ospatzeko, herritar talde bati ekitaldiren bat antolatzea gogoratu zaio. Artxiboetan bilatu, argazki zaharrak bildu, adinekoen oroitzapenak jaso eta plaza apaintzeko ideia ez ezik, jaialdiren bat antolatzeko asmoa ere badute: erakusketa, pilota partidak, antzinako plaza-jokoak, herri-bazkaria (bertsolari eta trikitilariekin) eta dantzaldia dira buruan darabiltzaten ekitaldiak. Asmoak helarazteko eta ideiak, aukerak edota iritziak partekatu ahal izateko larunbat honetan bilera antolatu dute Herriko Ostatuan 19.30ean. Bilkurara joateko gonbidapena “interesa duten herritar guztiei, zaharrei, gazteei zein haurrei” luzatu nahi izan diete eta dagoeneko Udaleko ordezkariei ere horren berri eman diete. - A.A.A.