elizondo - Herenegun, jendetza bildu zen Elizondoko Arizkunenean Hazitik Hozie elakrteak antolatutako solasaldian. Joserra Olarieta Alberdi Lleidako unibertsitateko irakaslea transgenikoei buruz aritu zen

Olarietak Transgénicos. ¿De verdad son necesarios y seguros? liburua argitaratua du eta gaian aditua da. Mintzaldian erran zuenez transgenikoei genoma artifizialki alda-tzen zaie eta hiru mota daude: intsektizidak jasaten dituztenak, herbizidak jasaten ahal dituztenak eta intsektizidak eta herbizidak jasaten ahal dituztenak.

Transgeniko labore nagusiak artoa, soja, kotoia, koltza eta luzerna dira eta munduko transgenikoen lautik hiru Ameriketako Estatu Batuetan, Argentinan eta Brasilen ekoizten dira. Modu berean, Europako Batasuneko herrialde gehienetan transgenikoen ekoizpena debekatua degoela erran zuen, nahiz eta Espainiako estatuan MON810 arto transgenikoa baimendua dagoen. Espainiako estatuan ekoizten den artoaren herena transgenikoa da eta Nafarroan 8.300 hektarea daude.

Europa gehienean transgenikoak ekoiztea debekatua egonagatik animalien pentsutarako eta herritarren elikadurarako inportatzen da.

Olarietaren erranetan transgenikoek hiru helburu dituzte: gosearen egiazko arrazoiak ezkutatzea, negozio teknologiko berria sortzea eta hazien merkatua pribatizatzea eta kontrolatzea. Ildo horretan transgenikoek ez dutela gosearekin akitu erran zuen, bertzeren artean, gosearen muina salgaiak produzitzen dituen sistema agroalimentarioa delako; hau da, sistema ez dago pentsatua jendearendako elikagaiak egiteko, negozioa egiteko baizik. Estatuko egoerari buruz, bertzalde, transgenikoen gibelean lehengai merkeekin pentsu merkea produzitu nahi duten ekoizleak daudela erran zuen. Transgenikoen ondorio sozialak ere aipatu zituen eta jendearendako toxikoak izaten ahal direla nabarmendu. Azkenik, transgenikoei buruz herritarrek erabaki behar dutela erran zuen, ezin dela afera zientzialari eta politikarien eskuetan bakarrik utzi.