elizondo - Javier Garde, Elizondoko bi ostatu eta Lur aretoa kudeatzen dituen Garde Hostalaritza enpresako buruak, aspaldi bueltaka zebilkion ideia bat gauzatzeko bidean da. Lur Aretoaren denboraldi bukaerako jaialdi bat antolatu du, baina Lur aretoan egin beharrean, besta kanpora aterako du. Elizondoko Iriarte pilotalekuan, bihar, Borobileko Ertzetik izeneko jaialdia burutuko du. Izen handiko hainbat taldek parte hartuko dute biharko jaialdian, 16.00etatik aitzinera ospatuko den jaialdian: Kaotiko, Hesian, Ze Esatek!, Enkore, Xutik, Skabidean & the black birds, Bad Sound, Pleura eta Trikidantz ariko dira oholtza gainean Lur aretoaren denboraldi bukaerako jaialdian.

Dena den, jaialdiak bestatik haragoko zerbait izan nahi du. Izan ere, minbizia dutenen alde dirua biltzeko jaialdia izanen da, hein batean bederen. Bertatik ateratako etekinaren zati bat minbizia dutenei edota beren familiei bideratuko du Javier Gardek. Aipatzen duenez “errutinan sartuak gauden honetan, badaude normaltasunetik at dauden eriak, eri horien senideak, bikoteak, lagunak... Eta aunitzetan atzendu edo ertz bilakatzen ditugu, salbuespen egoerak balira bezala”. Hortik datorkio izena jaialdiari, Borobileko ertzetik. “Minbizi kasuak areagotzen ari diren arren”, jarraitzen du Javierrek, “salbuespen gisa uler-tzen dira, eta horri buelta ematen bere aletxoa jarri nahi du jaialdiak”, hitza, maitasuna, aitortza, laguntza eta aunitzetan bulkalditxoak behar dituzten kasuak direlako Garderen erranetan eta modu batera edo bertzera, ziur aski, denoi tokatuko zaizkigunak. Horrela bada, bulkaldi hori emateko helburua ere badu jaialdiak.

SARRERAK Sarrerak aitzinetik 20 euroan erosteko aukera dago, Elizondoko Intza eta Mendi ostatuetan, Doneztebeko Titin, Berako Errekalden eta Lesakako Arranon. Internetez ere www.wegow.com atarian eros daitezke. Bihar ere, bertan, leihatilan salgai izanen dira sarrerak, kasu honetan, 25 euroan salduko dituzte.