oieregi - Atzo, ekainaren 5a, Ingurumenaren Nazioarteko Eguna zen, eta horrekin lotuta Bertizko Natur Parkean sarrera doainik eskaini zuten, seinale gisa. Halere, ez da horretara mugatuko Ingurumenaren Eguneko ospakizuna parkeari dagokionean.

Heldu den larunbaterako, ekainaren 8, egun osoko egitaraua antolatu dute. Urtero lelo bat hautatzen dute eta lelo horri egokitutako ekintzak burutzen dituzte. Aurtengoa, Airearen kutsadurarik gabe da leloa, eta honi lotuta 11.30ean Kutsadura atmosferikoaren ondorioak ekosistema eta bioaniztasunean izeneko hi-tzaldia eskainiko dute Bertizko Jauregian. Bertizko Natur Parkeko kontserbazioko datu batzuk azalduko ditu Jesus Maria Santamaria Uleciak, Nafarroako Unibertsitatean Biologian eta Ingurumenean Doktorea eta Kimika Analitikoan Katedraduna da bera.

Horrez gain, goiz eta arratsaldez errepikatuko diren bi ekitaldi gehiago izanen dira. Batetik, 6 urtetik goitiko haurrei bideratuta, 11.30ean airearen eta uraren kalitatea ebaluatzeko esperimentuak eginen dituzte; ekimen bera arratsaldez errepikatuko dute, 17.30ean. Ez da deus ordaindu beharko, baina hitzordu bakoitzean 30 pertsona onartuko dira.

Bertzalde, 12.30ean eta 17.30ean, Lorategi Historiko-Artistikoan bisita an-tzeztua eskainiko dute. Parkeko gidek azalpenak eman bidenabar, Emaitza taldeko aktoreek parkeko historian oinarrituriko antzezpenak eginen dituzte. 25 pertsonako gehienezko kopurua ezarri dute. Helduek 7 euro ordaindu beharko dute eta 18 urtez beheitikoek 3 euro. Esperimentuetan eta antzeztutako bisitetan aurretik izena emateko aukera dago, 948 59 24 21 telefonoan edo cinberti@cfnavarra.es helbide elektronikoan. - F.A.G.