elizondo - Ekaineko hilabetean murgildu garen honetan uda heldu dela nabari da. Beroak bere agerraldia egin du, nahiz eta atzo bezala, euriak ere ahalegina egin bera atzendu ez dezagun.

Ikasle ttikienak ikasturteko azken hilabetean sartu dira, eta horrekin batera, klaseak goizeko ordutegian soilik hartzen hasi dira. Ikasturte bukaeran ohikoak diren ekimenak garatzen ari dira ikastetxe desberdinak, tartean, Baztan Ikastolako Guraso Elkarteak antolatzen duen Bizikleta Eguna. Atzo egin zen, urteroko legez.

Ospakizun hau ohikoa bilakatu da azken urteetan eta haurrengan bizikletaren erabilera sustatzea du helburu, ingurumenarekiko errespetua erakutsiz eta bizitza osasungarri baten aldeko apustuarekin bat eginez. Guraso elkarteak antolatutako ekimen honetan hamarnaka haurrek hartu zuten parte atzo, eguraldiak gehiegi lagundu ez arren.

Ttikienek Elizondoko Iriarte pilotalekuan prestaturiko ibilbidean barrena ibiltzeko aukera izan zuten, batek ber-tzeari pausua emanez, tunelak gaindituz edota ibilbidean jarritako seinaleak errespeta-tzen ikasiz. Handienek, berriz, euriaren mehatxupean eta gurasoen gidaritzapean, ibilbide luzeagoa egin zuten, Elizondotik Lekarozera joanez, Oharriz auzoan barrenako ibilbidea osatu zuten. Arratsalde zoragarria pasatu zuten parte hartzaileek.

IKASTURTE BUKAERAKO BESTA Ikasturte akabailako ohiko ekitaldien artean, ikasturte bukaerako bestak daude. Heldu den asteburuan ospatuko dituzte hainbat ikastetxek, tartean, Baztango bi handienek, Elizondoko Eskola Publikoak, larunbatean, eta Baztan Ikastolak, igandean.

Larunbatean Elizondoko Eskola Publikoak ikastetxe inguruan burutuko du bere besta. Egitarau oparoa osatu dute egun osorako, eguraldi on edo txararrendako alternatibekin. 10.00etan abiatuko da ospakizuna, krossarekin (eguraldi txarrarekin herri kirolak), gero Hiriko dantzak eta Euskal dantzak izanen dituzte hurrenez-hurren, esku pilota finalen aitzinetik. 13.00etan izanen den haurren bazkariaren aitzinetik puzgarriak eta aurpegi margoketak izanen dituzte eta baita trikitilarien emanaldia ere. Helduak bazkaltzen ari diren bitartean haurrek berriz puzgarrietan salto egiteko aukera izanen dute, eta arratsaldean La Percuta perkusio taldearen emanaldia eta trikitilarien doinuekin kantuan eta dantzan aritzeko parada izanen da. Eguraldi ona izanez gero buruhaundiak ere aterako dira. Eguna borobiltzeko, merendua, zozketak eta dan-tzaldia izanen dituzte.

Igandean, Baztan Ikastolak Iriarte pilotalekuan ospatuko du bere besta. 11.00etan dan-tzak izanen dituzte. Gero haurrek bazkalduko dute eta ondotik helduen txanda izanen da; bitartean rokodromoan eta puzgarrietan ibiliko dira haurrak. Haurren erakustaldia izanen da gero, eta besta borobiltzeko, merendua, zozketak eta dantzaldia Agerralderen eskutik.