almandoz/arizkun - Irurita, Urdazubi eta Berroetako besten ondotik, hemen dira egutegian hurrengoak: Almandozko Bestaberri bestak. Atzo arratsalde apalean abiatu zituzten, besten hasmentako altxaferoarekin, ondotik kalejira eta Baztan-zopak izan zituzten, besta bezpera gisa. Gaur bestetako egun handia biziko dute, Bestaberri eguna. Goizean-goizeko Auroraren ondotik, eguerdian meza izanen dute eta gero luntx herrikoia frontoian. Arratsaldean gazteen arteko pilota partiduak jokatuko dituzte eta ilunabarrean patata tortila lehiaketa eta afaria izanen dituzte. Eguna borobiltzeko Ttintto disko jartzailearen eskutik dantzaldia izanen da. Bihar haurren eguna izanen dute, larunbatean, bertzeak bertze, zikiro jatea eta igandean bukatuko dituzte aurtengo bestak Almandozen.

Ez dira ondoko egunetan ospatuko diren besta bakarrak, izan ere, aurten, Almandozkoekin bat eginen dute, hainbat egunez, Arizkungo San Joan bestek. Gaur arratsaldean, 19.00etan botako dute besten hasmentako altxaferoa eta gero, ohiturari jarraiki, txopoa goratuko dute plazan, indarberritzeko Baztan zopen aitzinetik. Gaurtik astelehenera arte iraunen dute bestek. - F.A.G.