bera - Aurten, lehendabiziko aldiz, Beran gosari herrikoia antolatu dute abuztuaren 2an Ikastolako Ostatuan. Hori ospatzeko kuadrilla arteko bideo lehiaketa bat deitu dute.

Tapia ta Leturia Band taldearen Arroltze ta zingarra abestiarekin kuadrillako bideo bat sortu behar da. Mugikorrarekin egin behar da bideoa eta bideoaren iraupena 3 minutukoa izanen da gehienez ere.

Kuadrillaren izena eta ordezkari baten izena bidali beharko dira bideoarekin batera Ikastolako mugikorrera (608 677446) whatsappez uztailaren 29ko eguerdiko 12.00 baino lehen. Saria honako hau izanen da: abuztuaren 2an kuadrilla guziarentzat gosaria doan ikastolako ostatuan. Irabazlea zein den abuztuaren 2an bertan jakinaraziko dute, goizeko 9etan Ikastolako ostatuan.

Josu Goiari omenaldia Aurten lehenengoz sumatuko dugu Josu Goiaren falta bestetan. Hori dela eta, txistulari taldeak sanestebanetan jotzen dituen Berako Zortzikoa eta Berako Alkate Soinua berari eskaintzea pentsatu dute. Egun horretan ahalik eta txistulari beratar gehien elkartu nahi dituzte, “eta Josuk nahiko lukeen moduan, txistua joz bera omendu”.

Abuztuaren 2an, 18.30ean ALtzateko Plazan elkartu eta txistulariek egiten duten karrika-bueltan, Berako Zortzikoa bere omenez joko dute, eta bere etxe aitzinean gelditutaz, Berako Alkate soinua eskainiko diote

Tanborradarako azken eguna Duela hiru urte berreskuratu zuten bestetako danborrada eta geroztik urtero hutsik egin gabe astindu dituzte danborrak Beran. Aurten ere halaxe egin nahi dute eta horretarako izena emateko azken eguna gaurkoa da. Lixoia, Errekalde, Xuga eta Kataku ostatuetan eman daiteke izena.

Abuztuaren 4an, igandearekin, joko dute, 12.30ean Herriko Etxeko Plazatik abiatu eta Altzateko plazara. Parte hartzeko sei euro ordaindu beharko dira eta horren barne gosaria eta danborra sartuko dira.Bi entsegu egitea ere aurreikusia dute: uztailaren 26an eta 29an Herriko Etxeko Plazan, 20.00etan. - A.A.A.