bera - Pasa den urtean bigarrenez Berako Futbol-7 Txapelketa antolatu zuen Gure Txokoa Futbol Taldeak eta egun arrakastatsua gertatu zen. 100 pertsona baino gehiagok Matzada futbol zelai berriaz gozatzeko aukera izan zuten eta aurtengoan ere aukera hori izateko txapelketa antolatu dute. Gainera duela urte batzuk Berako besten aintzinetik jokatzen zen futbito txapelketaren ideia berreskuratu nahi dute, urteroko hitzordua bihurtuz. Asmo honekin data aldatu dute eta igande honetan jokatuko da, arratsaldez, talde kopuruaren arabera.

Izena emateko epea zabalik dago uztailaren 25era arte, Xuga eta Errekalde ostatuetan, taldeko 30 euro ordainduta. Txapelketa 14 urtetik goitikoei zuzendua dago eta gehienez hamasei talde onartuko dituzte (Berako kuadrillek izanen dute lehentasuna).

Babesleei esker sari bikainak izanen dira, horien artean, otordu bana lehenbiziko hiru postuetan sailkatutako taldeetako partaideentzat Xuga, Errekalde eta Zubiondo ostatuetan.

Aldaketak futbitoan bezala egin daitezke inongo mugarik gabe. Beraz ez du prestakuntza fisiko berezirik eskatzen eta honekin animatu nahi dute futbolean inoiz jokatu ez duen jendea izena eman dezan. Neskei ere dei berezia egin diete: “Txapelketa mixtoa izanen da eta herriko neskak apuntatzeko animatu nahi dugu. Ea etorkizun batean Gure Txokoan nesken taldea berreskuratzeko aukera dugun!”.

Kirol asteburua Futbol-7 txapelketaz gain, besten ai-tzineko asteburuak hainbat kirol jarduera ekarriko ditu. Larunbat arratsaldean 4x4 autoen ikuskizuna Postasen, 3x3 kuadrillen arteko saskibaloi txapelketa eta plater-tiroketa irekia minifoso modalitatean izanen dira. Igande goizeko 11.00etan Berako XI. Saria kadete mailako txirrindularitza proba antolatu du Gure Txokoak (44 kilometro) eta arratsaldean 3x3 saskibaloi elite txapelketa eta 19.00etan herrikirol jaialdia: harri-jasotzea, aizkora (mistoa), aizkora altueran eta arpana (mistoa) izanen dira. - Aitor Arotzena