lesaka - Tantirumairu Ikastolako jolastokia irekita egoten da urte osoan herriko haur, familia eta gaztetxoak han egon eta jostatzeko. “Gehiengoak erabilera egokia egiten duen arren, urtean zehar zikin edota gauzak hautsita” agertu izan dira eta azken asteburuetan “areagotuz joan da arazoa”, ikastolako batzordetik jakinarazi dutenez.

Sanferminetako bestetan, “hori errepikatu zitekeela aurreikusita”, bestek iraun bitartean instalakuntzak ixtea erabaki zuten batzordean. Hala ere, “ataka eta sarea bortxatu eta barrenera sartuz, patioa kristalez eta zaborrez beteta agertu zen eta zenbait ekipamendu ere hondatuta” adierazi digute penaz Tantirumairu ikastolatik.

Patioa txukundu ondotik, bestetarako itxitako atakak ohi bezala berriz ireki zituzten Tantirumairu ikastolan. Orain, bertzeren artean, Bortzirietako Euskara Mankomunitateak antolatutako udalekuetako haurrak ere erabiltzen ari dira instalazioak. Hala ere, bigarren asteburuz segidan, “patioa botilen kristalez beteta, zikinak sakabantuta eta txiskeroekin egindako zenbait su ttikiren arrastoekin” agertu da.

Haurrentzat arriskutsu Modu honetara, haurrentzat “desegoki eta arriskutsu” agertu da berez jolaserako behar lukeen eremua. Gainera, garbitzaileen lana “anitz zailtzen” da eta baita auzolanean ekipamenduak txukun mantentzeaz arduratzen diren gurasoena ere. Horregatik, irekita mantendu eta modu librean erabili ahal izateko, “denen artean zaintzea beharrezkoa da” aipatu dute ikastolako batzordetik. - Aitor Arotzena