elizondo - Baztango talde feministak, Feminikasten 2.0 jardunaldiak antolatu ditu Baztango Udalaren laguntzaz. Ondoko hiru hilabeteetarako hilabetero ekitaldi bana finkatu dituzte.

Iazko udaberrian burutu zen lehenbiziko aldiz Feminikasten jardunaldia, eta izandako harrera onak bulkatuta, aurten ere antolatzea erabaki dute, “bizitza betaurreko moreekin ikusten ikasteko”.

irailak 27 Hilabetero feminismoarekin zerikusia duen saio bat antolatu dute. Lehenbizikoa heldu den astean izanen da, irailaren 27an.

Zauria(k) proiektuaren aurkezpena izanen da Arizkunenea kultur etxean, 19.00etan, eta bere egileen eskutik izanen da aurkezpena. Zauria(k) proiektua, eromena, ezinegona eta osasun mentala ikuspegi feminista batetik lantzen duen dokumentala da, sufrimendu psikosoziala eta genero bizipenak uztartzen dituen eta 9 emakumeren errealitateak bere baitan hartzen dituena.

Dokumentala proiektatu ondotik honen inguruko solasaldia izanen da, egile eta publikoaren artean.

urriak 19 Bigarren hitzordua urriaren 19an izanen dute. Iazko Feminikasten jardunaldien baitan antolatutako autodefentsa feminista tailerraren arrakasta ikusita, aurten ere “horren beharrezkoa dugun tailerra berriz ere antolatu dugu”. Emaginen eskutik burutuko da egun osoko iraupena izanen duen tailerra, Arizkunenean. Goizeko saioa 10.00etan hasiko da eta arratsaldean 16.00etan izanen du segida.

azaroak 15 Hiruhileko programazioa bukatzeko, azken ekitaldia azaroaren 15ean izanen da. Euskara eta feminismoa: genealogiatik egungo erronketara izenburupean solasaldi bat eskainiko du Saioa Iraolak. “Gaur, euskalduntasunaz eta feminismoaz ari gara plazetan, baina zer nolako bidea egin izan dute elkarrekin? Zein da lotura horren genealogia posible bat?”. Galdera hauek ardatz hartuta, Iraola hainbat elementu zein hari mutur josten ahaleginduko da, atzokoaz, gaurkoaz zein biharkoaz: emakumeez, atzoko komunitate femeninoez eta gaurko komunitate feministez. Genealogiaz, elkarguneez, bidegurutzeez, gatazkez eta erronkez. Borobiltzeko, hainbat ondorio eta galdera partekatzeko aukera izanen da.