gartzain - Udazkenean berriki sartu garen honetan, uda gibelean utzi dugun honetan, urrun ikusten dugu udaberria, urrun inguruko herrietako lehenbiziko bestak, Urdazubi eta Iruritakoak. Urtero-urtero, Salbatore bestekin hasten da inguruko herrietako besten prozesioa, eta udan bizitzen dugu garairik oparoena, hala ere, udazkenean ere ez da bestarako tarterik falta izaten. Baztani dagokionean, urrian izaten dira azken bestak, Anizkoak, urriko lehenbiziko asteburuan, eta Gar-tzaingoak, urriaren 12 inguruan, Pilarika bestak.

Honenbertzez, ailegatu dira Gar-tzaingo bestak, ailegatu da herrietako bestei agur errateko tenorea. Gartzaindarrek dena prest dute bihar bestei ekiteko. Bihartik astelehenera bitartean lau egun eta gau izanen dituzte herritarrek, baita bertaratzen direnek ere, bestekin goza-tzeko.

Bihar hasiko dituzte bestak, eguerdian botako duten altxaferoarekin. Gero, haurren bazkaria izanen da eta bazkal ondoren, haurrendako joko desberdinak izanen dituzte. Haurrak jostetan ari diren bitartean, helduei bideratutako mus txapelketa jokatuko da, ilunabarerra bitartean. Akitzerakoan 150 lagun inguru elkartuko dira herriko frontoian, ohikoak diren Baztan zopak dasta-tzera, eta gero, gaupasa eginen dute nahi eta ahal dutenek, DJ Paliren musikaren doinupean. Goizaldean xingar jatea izanen dute.

Larunbata, Pilarika eguna izanen dute, zeina 10.00etan abiatuko duten, argi soinuekin herria iratzar dadin. Eguerdian Ariztegiko baselizan ospatuko da meza, eta elizkizuna bukatuta luntxa eskainiko da. Pilarika egunean etxeetan ohiko bazkariak izanen dira, eta gero, 19.00etan Erramun Martikorenaren kantaldia izanen da. Arratsean, 22.00etan, herri afaria elkarteko goiko solairuan burutuko da eta gauerditik aitzinera bestak segituko du, Jotatxo DJaren musikarekin. Goizaldean galtzontzilo eta kulero lehiaketa iragarrita dago.

Igandea ere argi soinuekin hasiko dute, goxo-goxo eguna hasteko, gero herritarren arteko desafioa burutuko dute, paraleloki, eguerdian dastatuko duten zikiroa mantxo-mantxo egiten den bitartean. Zikiro-jatea frontoian izanen da, Agerralderen musikak arratsaldea eta gaua girotuko dutelarik.

Astelehena izanen da bestetako azken eguna. Argi soinuekin hasi ondotik, eguerdian gazteen bazkaria izanen da eta arratsaldean jokoak eginen dituzte. Afariarekin borobilduko dute eguna, gaixoa ni kantatuz bestak agurtu eta hurrengo urteko bestak noiz ailegatuko, egutegian gibelat kontaketa hasiz. - F.A.G.