elizondo - Udazkenean sartu gara eta gainera asteburuan ordu aldaketa egin dugu, beraz, erran daiteke neguaren atarian gaudela. Oraindik tenperatura aunitz jeitsi ez den arren, sumatzen da dagoeneko mantxo-mantxo negurantz goazela. Etxeak ere pixka bat hoztu dira eta seguraski etxe gehienetan berogailua edota lurreko sua piztu izanen da behin edo behin. Izan ere, etxeak berotzeko beharrezkoa da berotasuna. Berotasun hori lortzeko modu desberdinak daude, bertzeak bertze, gas bidez, gasoil bidez edota egur bidez lor daiteke berotasuna, eta egurrari dagokionean, Baztanen aukera ederra eskaintzen du Baztango Udalak, izan ere, aspaldiko ordenantzek dioten bezala, Baztanen guttienez bi urtez erroldatua dagoenak eta Udalarekin inolako zorrik ez duen etxebizitza bakotizak 12 euro ordainduta 12 tonako egur lotea eskuratzeko eskubidea du. Negura begirako egur loteak udan eskatzen dira, uztaila eta abuztuan, eta gero, eskatutako lote kopuruak kontutan hartuta, udazkenean markatzen dira ebaki beharreko zuhaitzak, gerora moztu eta etxeetara eramateko.

Aipatu behar da Baztan Euskal Herriko udalerririk zabalena dela, 376,81 kilometro karraturekin. Baztango lurraren %84 herri-lurra (komunala) da, eta bailarako biztanleek erabiltzeko eskubidea dute. Haranean dauden lursail guztietatik 15.979 hektarea zuhaitzek osatzen dute, pagadiak nagusiki, guztien artean %63 baino gehiago. Horri esker, bailarako etxebizitza bakoitzak 12 metro kubiko egur jasotzeko eskubidea du bere etxerako. Egur loteen kasuan, ebakitzen diren zuhaitzen sorten %99 pagoak direlarik.

Duela urte gutti arte, norberari zegokion egur lotea markatzen zuten mendizainek, eta norbera arduratzen zen bere zuhaitzak bota eta menditik etxera garraiatzeaz. Dena den, duela 5 urtetik hona, egurra atera eta jaso-tzeko bi aukera daude. Alde batetik, beti bezala, eskatzaile bakoitzak, udaletxean lotea eskatu eta 12 euro ordaindu ondoren, bere lotea atera eta etxera eraman dezake. Bigarren aukera, azken urteetan eskaintzen dena, enpresa batek lotea atera eta etxera eramatean datza. Duela gutti arte, bakoitza bere lotea moztu, atera eta garraiatzeaz arduratzen zen, kamioietan edo traktore eta orgekin. Gaur egun gero eta jende gutxiagok ditu lan horietarako behar diren bitartekoak edo ohitura, eta horregatik Baztango Udalak lotea atera eta enpresa pribatu baten bidez garraiatzeko aukera eskaini zien baztandarrei.

Zerbitzu horren kostua eskatzaile kopuruaren eta lotea zein lekutatik aterako den kontuan hartuta aldatuko da. Aipatu behar da, bigarren aukera hau eskaintzen hasi denetik, areagotu egin dela etxera egur lotea eramateko eskatzen dutenen kopurua. Aurten, errate baterako, guztira 225 etxebizitzak eskatu dute egur lotea Baztanen, horietatik, 157k bere lotea atera eta etxera garraiatuko dute, beti egin izan den bezala, eta bertze 68 etxebizitzek, berriz, enpresa batek egur lotea atera eta etxera garraiatzek ozerbitzua eskatu dute. Udalak esleitzen du ze enpresaren esku utzi zerbitzu hori. Iaz, adibidez, 514 euroko kostua izan zuen eskatzaile bakoitzarendako.

Norberak bere lotea atera-tzeko zerbitzua eskatu dutenen kasuan, mendizainek herri eta baserrietan loteak markatzen dituzte, eta gero bakotizak nahi duenean ateratzen du, beti ere, urte beteko epea dago lotea ateratzeko. Epea igarota, lotea atera ez badute, lotea galtzen dute, eta baita hurrengo aldian jaso-tzeko eskubidea ere.

Etxera eramateko eskatzaileen kasuan, aurtengo loteak Bailegi parajetik aterako dira. Gartzain eta Elizondo artean bide bat zabaldu zen eta nahiko toki iluna da, hortaz, bide horren bazterreko zuhaitzak markatu eta moztuko dira, inguruak garbi mantzentzeko eta argitasuna irabazteko. Zuhaitzak markatzeko garaian zuhaitzen diametroa neurtzen da eta 12 metro kubikoko loteak osatzeko, ebaki beharreko zuhaitzak aizkora berezi batekin markatzen dira. Nafarroako Gobernuko zigilua duen aizkorarekin hain zuzen ere.