elizondo - Iazko udaberriko Feminikasten jardunaldiaren eta pasa den udazkenean burututako Feminikasten 2.0. jardunaldien segidagisa, Baztango Talde Feministak Feminikasten 2.1 antolatu du hurrengo hiruhilekorako, hiru hitzordu izanen dira, hilero bana.

Urtarrilaren 17an, Erratzuko elkartean, Hile-topaketak antolatu dituzte. Hilerokoari buruz gehiago ikasteko eta elkarren bizipenak partekatzeko tailerra izanen da, Enara I. Dominguezen eskutik (Ziklikoki Bizitzen). Bertan parte hartu nahi izanez gero, baztangohaizefeminista@gmail.com helbidera idatzi beharra dago.

Otsailean, gizakunde bezperan, Emakumeak eta inauteak izenpean solasaldi eta argazki erakusketa burutuko dute. Otsailaren 7an, Aitzpea Leizaolak gaiaren inguruko solasaldia eskainiko du eta Gari Garaialdek bere argazki erakusketaren aurkezpen-solasaldia eginen du Arizkungo Gamioxarrean, erakusketa otsailaren 8ra arte ikusgai egonen da. Jarduera hau Jo ala Jorekin batean antolatu du Baztango Talde Feministak.

Azkenik, Emakumeen Nazioarteko Egunaren astean, martxoaren 6an bertso afari feminista burutuko da gaztetxean, Alazne Untxalo eta Saioa Alkaiza bertsolariekin. - F.A.G.