Francisco Joaquin Iriarte adinekoen egoitzako langileek, “Lan hitzarmen duin baten defentsan”, mobilizazioak areagotuko dituztela ohartarazi dute.

Enpresa batzordeak azaldu duenez, langileek "bi urte baino gehiago daramatzate lan baldintzetan hobekuntzarik gabe, azken hitzarmena 2018an amaitu zenetik. Enpresari hitzarmen berri bat negoziatzeko behin eta berriz eskatu badiogu ere, beti uko egin dio negoziatzeari, egoera ekonomiko txarra argudiatuta".

Diotenez, “enpresak 2014tik irabaziak ditu”, eta langileek "hitzarmen duin baterako garaia" dela erabaki dute. "Hilabeteetan zehar Covid-ari aurre egiteko sakrifizio gaitasuna erakutsi dugu, gure eta gure senideen osasuna jokoan jarriz. Gure lanalditik kanpo hainbat ordu egitera behartu gaituzte, funtsezkoak ginelako. Bada, funtsezkoa izateak lan baldintza onak izatea ere erran nahi du, lan aitortua izatea ", gaineratu du langile batzordeak.

Honen harira, datozen asteetan mobilizazio gehiago iragarri dituzte hitzarmen duin bat lortu arte". Asteartero eta ortzegunero 11.00etatik 11.30era elkarretaratzeak eginen dituzte langileek, eta "enpresak hurrengo egunetan esertzeari eta hitzarmen berri bat negoziatzeari uko egiten jarraitzen badu, oso egoera zaila aurreikusten dugu datozen asteetan, borrokarik baztertu gabe, ezta grebarik ere".

"Egoera horretara iristen ez garen enpresaren esku egonen da soilik. Bi urte baino gehiagoren ondoren, langileok ezin dugu egoera bidegabe hori jasaten jarraitu, eta ez dugu hori jasaten jarraitu nahi. Ez dugu merezi, ezta gure egoiliarrentzako zerbitzua ere, murrizketa berriei esker pixkanaka okerrera egin nahi dela ikusten baitugu. Lan-baldintza duinak defendatzea gure adinekoentzako kalitatezko zaintza-zerbitzua defendatzea da. Langile garen aldetik, gure adinekoei eman diezaiekegun laguntzarik onena zaintzaileentzako lan-baldintza onak defendatzea da. Hitzarmen duin bat nahi dugu eta orain nahi dugu. Gure adinekoentzako kalitatezko zerbitzua orain ", amaitu dute langileen ordezkariek.