Jo ala jo kultur taldeak eta Nafarroako Dantzarien Biltzarrak antolatuta Mutildantzen eguna ospatu zen igande eguerdian Arizkunen. Eguraldi ederra lagun, hamarnaka lagunek egin zuten bat deialdiarekin eta herriko plazan Baztango dantzak dantzatzeko aukera izan zen. Bertzalde, duela urte bat eritasun baten ondorioz hildako Rafa Barragan ere gogoan izan zuten bertan. Mutildantzen maitale eta dantzari fina, Rafak ez zuen inoiz huts egiten mutildantzen hitzorduarekin, edonon zirela ere, hortaz, bere omenez dantzatu zituzten igandeko mutildantzak. Baztan, Malerreka eta Bortzirietako gaitari eta atabalariek ere bat egin zuten ospakizunarekin, herriko karrikak alaituz .