Laster hasiko da uda, eta horrekin batera haur eta gaztetxoen oporraldia. Urtero bezala, oporraldian gustuko dituzten gauzekin ongi pasatzeko aukera izanen dute etxeko txikienek, eta aukera horien artean, Baztanen, aisialdiaz gozatzeko jostaldi edota udaleku desberdinetan parte hartzeko aukera izanen dute.

Errate baterako, Baztango Udaleko Euskara Zerbitzuak, iazko etenaldiaren ondotik, aurten berriz ere udako jostaldia antolatu du. 3 eta 12 urte bitarteko haurrek izanen dute aukera bertan parte hartzeko, abuztuaren 2tik 27ra, astelehenetik ortziralera, 10.00etatik 13.00etara Elizondon bilduko dira, Haur Hezkuntzakoak Elizondoko Lanbide Eskolan eta Lehen hezkuntzakoak Baztandarren Biltzarraren egoitzan.

Aisialdiko ekintza desberdinez euskaraz disfrutatzeko aukera izanen dute parte hartzaileek. Aste bat, bi, hiru edo lau astetan parte hartzeko eman daiteke izena, beti ere, lau aste egiten dutenek lehentasuna izanen dute.

Ekainaren 11ra arteko epea izanen da izena emateko, www.dindaia.eus atariaren bidez. Baztanen erroldatuta daudenek aste bateko 35 euro, bi astetarako 70, hiru astetarako 105 eta lau astetarako 140 euro ordaindu beharko dituzte. Familia ugariendako edo guraso bakarrekoendako, berriz, 35 euro, 60, 85 edo 110, hurrenez hurren. Baztanen erroldatuta ez daudenek aste bakoitzeko 55 euro ordaindu beharko dituzte.

URDAZUBI Urdazubin ere izanen da aurten udalekuekin gozatzeko aukera. Urdazubiko Udalak eta Landa haurtzaindegiak antolatuta, uztailaren 5etik 30era 3 eta 7 urte bitartekoendako udalekuak izanen dituzte. Gaztetxoak 10.00etatik 13.00etara, kultur etxean bilduko dira. Izena eman nahi dutenek Landa haurtzaindegian jakinarazteko ekainaren 18ra arteko epea dute eta kamiseta bat emanen diete opari. Aste baterako izen ematea 20 euro kostako da, bi astetarako 30, hirutarako 40 eta lau astetarako 50.

Urdazubin ere, kasu honetan 7 eta 16 urte bitarteko gaztetxoendako udako multijarduera kanpusa antolatu dute Urdazubiko udalak eta Sport madnessek uztaila eta abuzturako. Bi txanda eginen dira, uztailaren 12tik eta abuztuaren 2tik 13ra. Urdazubiko eskolan elkartuko dira goizetan, goizeko 9.00etatik 14.00etara, batetik 7 eta 11 urte bitartekoak eta bertzetik 12 eta 16 urte artekoak. 95 euro ordaindu beharko da txanda bakoitza. Hori bai, bigarren seme alabaren kasuan, bigarrenak 15 euroko deskontua izanen du eta 80 euro ordaindu beharko dira. Parte hartzaile guziek kamiseta bat izanen dute opari. Kanpusean parte hartzeko www.mysportmadness.com helbidean eman beharko da izena.

ORDOKI ZALDITEGIA Arizkungo ordoki zalditegian ere zaldizko udalekuetan parte hartzeko aukera izanen da aurtengo udan. Hiru txanda antolatu dituzte, lehenbizikoa ekainaren 28tik uztailaren 2ra; bigarrena uztailaren 26tik 30era, eta hirugarrena abuztuaren 23tik 27ra. 5 urtetik goitiko haurrek parte hartu ahal izanen dute. Egun guzietarako prezioa 160 eurokoa izanen da, eta egun solteak aukeratuz gero, 40 euro eguneko. Ordoki zalditegiko ikasleek, berriz, 145 euro ordaindu beharko dute.udalekua 10.00etatik 14.00ak arte izanen da, baina bigarren aukera bat ere eskaintzen dute, 10.00etatik 18.00etara, kasu honetan, prezioa 250 eurokoa izanen da, 225 euroko Ordoki zalditegiko ikasleendako. Izena emateko 653 29 46 08 telefonora deitu beharko da.

IRATI JAEN Aurtengo udako bertze eskaintza bat Elizondon izanen da. Irati Jaen Pilates & Fitness Studiok 4 eta 10 urte bitarteko haurrendako bertze proposamen bat egin du udarako. Bi txanda eskaini ditu aukera, uztailaren 12tik 23ra lehenbizikoa eta abuztuaren 9tik 20ra bigarrena. Bietan, astelehenetik ortziralera, 10.00etatik 13.00etara, bakoitza 90 euroren truke. Udako jostaldiaren baitan, esperimentu zientifikoak, eskulanak, dantzak, kirolak, jokoak eta ateraldiak eginen dituzte. Izen ematea ekainaren 28tik uztailaren 9ra egin beharko da 623 00 86 46 telefonora deituz.