Ortzegun honetan abiatuko da 2021eko Baztan-Errekako gazteen laxoa txapelketa. Bukatu berri den ikasturtean zehar Irurita eta Donezteben hamarnaka gaztek parte hartu dute aurten martxan jarritako laxoa eskolan, eta guraso eta irakasleen lanak bere fruituak eman ditu, izan ere, ikasturtean zehar egindako lana plazan erakusteko aukera izanen dute laxoa jokalari gaztetxoek, gaur hasiko den txapelketan parte hartuko duten gehienak laxoa eskolan ibilitakoak baitira.

Doneztebeko hiru taldek eta Iruritako bik hartuko dute parte gaur hasi eta abuztuaren 6an, ortziralean, Arraiozko plazan jokatuko den finalarekin borobilduko den txapelketan.

Lehen fasea ligaxka moduan jokatuko da, denak denen contra, eta puntu gehien biltzen dituzten bi taldeak finalerako sailkatuko dira. Ligaxkako partiduak 7 jokotara izanen dira, eta finala, berriz, 9 jokotara.

Lehenbiziko jardunaldia Doneztebeko plazan jokatuko da ortzegun honetan, 17.00etan, Doneztebe A (Jon Larunbe-Javier Zabala-Iker Anzizar-Ibai Elizondo) eta Doneztebe C (Koteto Ezkurra Lander Arozena-Lukas Ezkurra-Ekai Elortza) taldeen arteko partidua izanen da lehenbizikoa, eta hau bukatutakoan, 18.00etan, Doneztebe B (Urtzi Mendiburu-Asier Agesta-Markel Pikabea-Beñat Iribarren-Joel Maylin) eta Irurita A taldeen arteko partidua jokatuko da. Irurita B taldeak (Izai Urrutia-Eneko Irazoki-Mikel Iñarrea-Oihan Arraztoa) atseden hartuko du lehenbiziko jardunaldian.

HELDUEN TXAPELKETA Bertzalde, helduen txapelketa final laurdenetara ailegatu da dagoeneko. Pasa den asteburuan joaneko hiru partidu jokatu ziren. Doneztebe Ameztia-Arraioz Sagardia: 9 - 6 (itzuliko partida, Arraiozen, igandean 16.00etan). Irurita Olari-Oiz: 9 - 8 (itzuliko partida, Oizen, larunbatean 11.00etan). Doneztebe Titi-Irurita Miguelene: 3 - 9 (itzuliko partida,iruritan, igandean 17.30ean). Falta den kanporaketa, Doneztebe Apezteguia-Doneztebe The Moment hurrengo bi asteburuetan jokatuko da.