Duela egun batzuk izandako euriteek kalte ugari eragin zituzten Baztanen. Herri eta txoko desberdinetan eragindako kalteen artean, emergentziazkoak identifikatu eta lehenbailehen lehengoratzeko bidean, Udalak, kasu gehienetan, hasiak ditu konponketa lanak.

Euriteek eragindako kalteen artean, nabarmenena, edo handiena bederen, Iruritatik Oharrizerako bidekoa izan da. Bidea hetsia dago, errekaren aldera bidea arraildu delako eta ezponda erori. Bidea hetsia dago, nahiz eta auzora joateko bide alternatiboa dagoen. Hala ere, behitegirako pentsu kamioia ez da pasatzen ahal. Dena lehengoratzeko, erori den edo erortzeko arriskuan den zati guztia hustu beharko da lehenik eta ondotik bidearen 45 metroko luzeran ezponda egonkortzeko uztaia egin beharko da. Bidearen barneko aldea bete beharko da paretaren gaineraino eta ondotik zola berritu beharko da. Lan hauek egiteko aurrekontua 120.441,19 eurokoa da.

Beartzungo Kuarteleko bidean ezponda zatia beheiti etorri zen, eta honek bidea erortzeko arriskua eragin. Bidea hetsirik gelditu zen eta horrekin bat, 6 baserrietarako bidea (Masterrena, Gamioa, Mutilasko, Xondonea, Gaztelua, Jaimeneko borda). Hau konpontzeko harri-lubeta hormigoiztatua eginen da, 16.439,44 euroko kostuarekin.

Iruritako Arbuzko bidearen ezponda zatia ere erori zen, eta kamioiendako hetsirik dago Legarrea, Marindolarenea, Estebenea, Etxezuria, Xenperenea eta Dendarieta baserrietarako bidea. Konpontzeko, hormigoiztatutako harri-lubeta eginen da. Aurrekontua 18.355,02 eurokoa izanen da.

Iruritako Arbuzko bidean ere, kasu honetan Juanikotenea bordaren aldera, bidea arraildu zuen euriteak eta 5.018,81 euroko aurrekontua izanen dute lanek.

Herri berean, Legaletako eta Xurteneko bordetarako bidea arraildu eta ezponda erori da, bidea erortzeko arrisku handiarekin. Bi harri-lubeta egitea aurreikusten da. 40.161,17 euroko aurrekontua izanen dute lanek.

Bertzalde, Aritzakungo bidean ezponda zati bat erori da, bidearen azpian zuloa eginez eta bidea erortzeko arriskuarekin. Sumutsua eta Bedegorrietara doan bidea konpontzeko hormigoiztatutako harri-lubeta eginen da. Inbertsioa 10.741,23 eurokoa izanen da.

Emergentziazko lanez gain, euriteak bide ugari ere kaltetu ditu, orain kaltetutako gainerako bideen zerrenda eta azterketa egiten ari da Baztango Udala.