Asteburu honetan bete betean sartuko da iñauterietan Baztan. Aniz eta Berroetan abiatu zen sasoia, eta pasa den asteburuan, berriz, Arizkun eta Erratzu artean Gizakunde ospatu zuten eta hartzaren iratzartzea irudikatu zuten azken hogei urte luzeetan egin ohi duten bezala.

Bertzalde, ortzirale honetan hasi eta ondorengo hamabi egunetan besta giroa nagusituko da Baztango herri desberdinetan.

Ortzirale eta larunbat honetan, errate baterako Zigan etxez etxe ibiliko dira mozorrotutako gazteak, musikariak lagun. Ez da ohiko ospakizuna izanen, egoera epidemiologikoa tarteko, etxe atarietan elkartuko dira batez ere, eta beharbada ohi baino etxe gutxiagotan eginen diete harrera iñauteriazaleei.

Arraiozen ere ortzirale honetan eta bihar ospatu behar zituzten iñauteriak, baina aste honetan istripu baten ondorioz gazte bat hil dela et alde batera utzi dituzte ospakizunak.

Hurrengo astean herri aunitzetan ospatuko dituzte iñauteriak. Azken aste hauetan bilerak egin dituzte han eta hemen, egin ala ez egin eztabaidatzeko eta egitekotan nola. Herri txikietan gazteak etxez etxe ibili ohi dira, eta horregatik etxez etxe galdegin dute ea ateak zabaltzeko prest ote zeuden. Kasu aunitzetan etxe kanpoan eginen diete harrera mozorroei, eta kasu batzuetan, aurten ez dituztela ateak zabalduko ohartarazi dute, kutsaketen beldur.

Kontuak kontu, heldu den astean, ortzirale eta larunbatean hainbat herritan eta bertze zenbaitetan igandetik asteartera arte musika eta mozorroek hartuko dituzte karrikak. Iazko urtea iñauteririk gabe iragan ondotik gogoz gainezka daude aunitz.

Elizondon desberdin ospatzen dira iñauteriak. Ortzirale arratsaldean herriko ikastetxeetako ikasle, guraso eta irakasleek desfile bat eginen dute Jaime Urrutia karrikan barna. Aurten azken orduan erabaki da iñauteriak ospatzea, hortaz, norberak nahi duen mozorroa janztea erabaki dute, urteroko taldekako mozorro eta koreografiak alde batera utzita. Gainera, ilunabarrean danborrada eginen da, nahiz eta aurten ez den danborrik alokatuko, norberak berea eraman beharko du. Larunbatean, aldiz, eguerdian, koadrila desberdinek egindako orgen desfilea eginen da Santiago karrikan.

ORAKUNDE Oilar dantza, Egun ttun-ttun edota Orakunde, izen desberdina hartzen du haurrak eta oilarra protagonista duen bestak, herriaren arabera, nahiz eta funtsean gauza bera den.

Ziga izanen da, ortzirale honetan, Orakunde ospatzen lehenbizikoa. Heldu den astean, berriz, asteartean Amaiurren hasita larunbatean Aniz eta Berroetan akitu bitartean, bailarako herri guztietan eginen dute besta, asteazken eta ortzegunean pilatzen direlarik herri gehienetan ospakizunak. Berez ortzegunarekin egiten zen lehen herri guztietan, baian garai batean herri guztiak hornitzeko musikaririk ez zegoenez, egunez aldatu zuten zenbaitetan.