Oinherrik eta Hiritik At ekimenak proiektu berri bat sortu dute “hezkuntza eta hirigintza elkartu eta herriak antolatzeko eredu berri bat osatuz”. Urtebeteko lanketa kolektibo horren emaitza izan da Herri Antolamendua Herri Hezitzailearen ikuspegitik izeneko liburuxka, eta “bertan jasotakoaren inguruan hausnartzeko eta jada gauzatzen ari diren esperientziak ezagutzera emateko” martxoaren 26rako Herri Antolamendua Herri Hezitzailearen ikuspegitik jardunaldia antolatu dute, Udalbiltzaren babesarekin. Lekarozko interpretazio zentroan eginen dute aipaturiko jardunaldia, egun osoko egitarau zabalarekin.

Euskal Herri Hezitzailea dute amets, eta jardunaldi honekin norabide horretan urrats gehiago emateko ekarpena egin nahi dute.

Oinherrik, hezkuntza modu zabalago eta integralago batean ulertzeko, herri hezitzailearen filosofia haurtzaroaren kulturatik eta parte hartzetik eraiki nahian, arras argi du herria badela hezkuntzarako eduki, testuinguru eta eragile. Hiritik Atek, herri antolamendua eraldatuz, harreman parekideagoak, osasuntsuagoak, jasangarriagoak eta bizigarriagoak eraikitzen dihardu, hirigintza eraldatzailea sustatuz. Hezkuntza eta hirigintza, lehen begirada batean elkarrengandik urrun egon daitezkeen bi lan arlo, bi egiteko modu ezberdin bezala ikusten badira ere, etengabeko elkarreraginean daude, eta biak elkartu eta elkarrekin herriak antolatzeko eredu berri bat osatzea izan da erronka.

Jardunaldiaren helburua herri antolamendua hezkuntzatik eraikitzeko marko teoriko zein praktiko bat proposatzea da. Tokiko garapenaren ikuspuntuarekin, haurtzaroaren kulturatik, parte hartzearen bitartez, herri antolamendua birpentsatzeko estrategia berria proposatzea. Hezkuntza-gazteria-parekidetasuna-parte hartzea eta hirigintza arloen arteko aliantza edota lankidetzarako bide orri bat proposatzea. Orain arte puntualki egin izan diren esku hartze interesgarriak ezagutu eta balioan jarri, eta haratago joateko proposamena mahai gainean jarri nahi dute, hurrengo urteetarako hirigintzarako paradigma aldaketa bat proposatuz; udalgintza eraldatzailea, herrigintza hezitzailea eta publiko komunitarioa.

Jardunaldian parte hartzeko aitzinetik izena eman behark oda. Martxoaren 21a arteko epea dago. Oinherrik sustatutako Herri Hezitzaileen Sareko partaideek 20 euro ordaindu beharko dute (bazkari gastuengatik), gainerakoek 50 euro.

EGITARAUA

9.30: Ongi etorria eta Herri Antolamendua Herri Hezitzailearen ikuspegitik liburuxkaren aurkezpena

10.00- 11.30: Hiru esperientzia inspiragarri:

- Baztan hobetzen. Joseba Otondo

- Bizi bizia proiektua, Garaion. Amaia Gabilondo eta Miren Beitia

- Ertzetik erdira: espazioen eraldaketa auzolanez, Zaldibi. Xotil Natke

11.30-12.00: Atsedenaldia

12.00-13.30: Gure herriek zaintzen al dute?

Denise Najmanovich argentinar antropologoarekin elkarrizketa

14.00: Bazkaria

15.30-17.30: Hirigintza eraldatzailea: diskurtsotik praktikara. Mahai ingurua.

17.30: Itxiera