Izaskun Igoa Jaimerena zigatarrak irabazi du Donostia Kulturak eta Balea Zuria argitaletxeak elkarlanean antolatzen duten Donostia Kultura Poesia Lehiaketaren bosgarren edizioa, 'Hotza bazkatzen' lanagatik.

Poesiaren Egunean eman zuten jakitera Itxaro Bordak, Eli Tolaretxikik eta argitaletxeko ordezkari Aritz Gorrotxategik osatutako epaimahaiaren erabakia Gorrotxategik berak eta Donostia Kulturaren baitako liburutegien zuzendari Arantza Urkiak.

Donostia Kultura Poesia sariak idazle berriak ezagutzera emateko eta haiendako ibilbide baten hasmentan bulkaldia emateko helburuarekin egiten da eta 35 urtez beheitiko idazle gazteek har dezakete parte. Aurten 10 lan aurkeztu dituzte lehiaketara eta horien artean aukeratu dute Igoarena, kalitate handikoa ez ezik "ezohikoa2 iruditu zaielako, "gorputzari uko egin gabe, haragoko kezka eta gogoetetan sakontzeko gaitasuna" erakusten baitu, epaimahaiaren arabera. Idazle baztandarraren "sen poetikoa eta erreferentzien aniztasuna" ere hartu dituzte kontuan lana aukeratzerakoan.

Hotza bazkatzen lanak kontzientzia eta izatea ditu ardatz. Denbora, airea eta espazioa ditu ardatz, eta haien inguruko gogoeta filosofikoak. Aritz Gorrotxategiren erranetan, "Izaskunen lanak benetan hunkitzen zaitu, planteatzen dituen kezkak iritsi egiten dira irakurlearengana, eta gogoeta egin eta hunkigarri izatea oso zaila da".

Irabazleak aitortu duenez, umetatik izan da arras liburu zalea, eta institutuan izan zun irakasle bati esker zalet zen poesiara, egunero poesia bat idazteko lana eskatzen zien garaian. Orain arte gehienbat beretako idatzi izan du, nahiz eta hau ez den bere lehenbiziko saria, izan ere, 2020an 'Lurra zango zolaren gainean' lanarekin Iruñeko Udalak antolatzen duen Egile Berriendako XXX. Euskarazko Literatur Lehiaketan aipamen berezia lortu zuen baztandarrak.

Horrek aunitz animatu omen zuen idazten jarraitzera, are gehiago orain irabazitako lehiaketak. Bere idazketa ez da poesiara mugatzen, 2019az geroztik Ttipi-ttapa aldizkariko kolaboratzailea da, gustura egiten duen idazketa lana izaki.

Donostia Kultura Poesia Lehiaketa irabazita, Igoak Imanol Larrinagaren margolan bat eta 1.000 euroko saria jaso zituen, eta maiatza edo ekainean Balea Zuria argitaletxeak bere lana publikatuko du. Gainera, ekainean eginen den Poesia eta Pentsamendua saioan, bere poemak irakurri ahal izanen ditu, bertze hainbat idazleren artean.