Hiru urte Korrikarik gabe aunitz dira, bai, jendeari luze egin zaio iazko geldialdiaren ondotik bertze urte bat itxoitea, eta horrek jendearen Korrikarako gogoak biderkatu egin ditu. Azken egun hauetan bezala, atzo ere argi gelditu zen euskararen aldeko tropel koloretsu, alai eta nekaezinak Baztango txokoak zeharkatu zituenean. Hotza eginagatik, goizaldean ailegatu izanagatik, jendetzak bat egin zuen Korrikak Baztanen barna egin zituen 41 kilometroetan. Baigorritik goiti, 5.30ak inguruan ailegatu zen Korrika Izpegira eta poliki-poliki Baztango errepideetan barna herriz herri, kilometroz kilometro euskararen aldarriak entzun ziren lau ordu pasatxotan, Belaten agurtu arte.