bera - Antzerki eta Eskola elkarteak, Berako Udalaren eta Berako Kultur Batzordearen laguntzaz antolatutako Mugaz Gain Antzerki Jardunaldia eginen dute maiatzaren 16, 17, 21 eta 23an Berako Kultur Etxean. Herriko ikastetxetako antzezle gaztetxoez gain, Pasaiakoak ere ariko dira. Aste honetan DBHkoak ariko dira eta hurrengoan Lehen Hezkuntzakoak.

Ortzegun honetan 11:00etan Ah ze polita zen bizitza! antzezlana eskainiko dute Toki Ona institutuko DBH2ko ikasleek eta 11.15ean, Sekretuak antzezlana Labiaga ikastolako DBH2ko ikasleek.

Maiatzaren 17an, ortziralean 11.00etan Nor naiz ni? Nor naiz inork begiratzen ez nauenean lana taularatuko du Pasaia-Lezo lizeoko DBH4ko ikasleek osatutako Aguakate taldeak, 13.00etan Erantzi antzezlana Pasaiako DBH3ko Zaskanduri antzerki taldeak eta 13.20an Zaping lana Pasaiako DBH2ko Tutalkamon antzerki taldeak.

Ortzirale arratsaldean ate irekiak izanen dira eta Uxaneko ikasleek Vaya corte antzezlana eskainiko dute. Sarreran borondatea eskatuko dute.

Lehen Hezkuntzakoak Hurrengo astean, Lehen Hezkuntzakoen txanda izanen da. Maiatzaren 21ean, asteartean 10.00etan Zaborra antzezlana eskainiko dute Jesusen Bihotza ikastetxeko 3. eta 4. Mailako ikasleek, 12.00etan Superamatxi Ricardo Baroja eskola publikoko seigarren mailako ikasleek eta 12.15ean Txokolatezko etxetxoa Ricardo Baroja eskola publikoko bigarren mailako ikasleek. 18.00etan ate irekiak izanen dira emanaldi hauek ikusteko.

Maiatzaren 23an, ortzegunean 10.00etan Zer izanen ote? antzezlana eskainiko dute Ricardo Baroja eskola publikoko laugarren mailako ikasleek eta 12.00etan Izena duen guztia omen da antzezlana Labiaga ikastolako bosgarren mailako ikasleek. 18.00etan ate irekiak izanen dira bi emanaldi hauek ikusteko. Goizeko sarrera euro 1 kobratuko dute eta arratsaldeko ate irekietan, 2 euro.

La paz y otras lunas Bertze aldetik, Aristófanes Greziako antzerkigile klasikoaren La paz lanean oinarritutako La paz y otras lunas antzezlana eskainiko du Irungo Ezezagunok antzerki taldeak maiatzaren 18an, larunbatean 20.00etan Lesakako Harriondoa Kultur Etxean. Sarrera 3 euro gostako da.