lesaka - Euskokultur Fundazioak, Bortzirietako Euskara Mankomunitateak eta Nafarroako Gobernuak lagunduta, Bortziriak solasean. Ahozko tradizioaren bilduma liburua eta DVDa argitaratu ditu 2000-2001 urteetan zehar egindako ondare immaterialaren bilketan oinarrituz. Lan horretan 50 lekuko elkarrizketatu zituzten Nora Iriarte Osesek eta Maite Lakar Iraizozek Bortzirietako Euskara Mankomunitateak esleitutako beka baten bidez. Anitz dira bilketa hartan jorratutako gaiak: garai bateko bizimodua, lanbideak, sinesmenak, mitologia, kontrabandoa, garbiketa, zerri-hiltzea, elizaren eragina, eskola, bestak, ohiturak, erremedioak, ipuinak, bertsoak, kantuak...

Liburua nahiz DVDa garai hartako hainbat argazkiz osatua daude. Horrez gain, eskualdeko hitzak biltzen dituen hiztegitxo bat ere ageri da.

Liburua aurkezteko bi ekitaldi eginen dira: lehenbizikoa, Lesakan ekainaren 11n Herriko Etxean eta, bigarrena, aldiz, Beran ekainaren 12an Beralandetan. Bi emanaldiak 18.30ean izanen dira eta horietan parte hartuko dute liburuaren egileek, Euskara Mankomunitateko ordezkariek, Bortzirietako bertso eskolako kideek eta Maddi Irazoki aktoreak.

Aurkezpenean bertan liburua erosteko aukera izanen da eta, ondotik, salgai egonen da Beran (Agara, Irene eta Igone), Lesakan (Telletxea eta Xagu), Arantzan (Dena), Igantzin (Bi-bide) eta Etxalarren (plazako denda eta Kultur etxea). Horrez gain, euskokultur.eus webgunean eta Iruñeko liburu-dendetan ere eskuratzerik izanen da.

Ondarea biltzen Euskokultur Fundazioa Nafarroako Unibertsitate Publikoak abiatutako Nafarroako Ondare Immaterialaren Artxiboaren proiektuari lotu zitzaion 2005. urtean. Proiektuaren helburua zera da: Nafarroako herri guztietako ahozko ondarea bildu, aztertu eta zabaltzea bideoan grabatutako elkarrizketen bitartez. Urteotan, Erronkari, Zaraitzu, Aezkoa, Luzaide, Artzibar, Auritz, Erroibar, Oroz Betelu, Baztan, Urdazubi, Zugarramurdi, Malerreka, Bortziriak, Leitza, Areso, Arano, Goizueta, Ultzama, Odieta, Imotz, Basaburua, Lantz, Larraun, Lekunberri, Irunberri eta Iruñean 600 elkarrizketatik goiti grabatu ditu Euskokulturrek bere ekimenez.