etxalar - Irailaren 22an izanen da Usategietako tradizioaren besta eta egun guziko egitaraua prestatu dute antolatzaileek Lizarietan. Igande goizean, 10.00etatik 13.00etara, artisauen erakusketa eta salmenta, usazaleen paleta egite erakustaldi partehartzailea, haurrentzako puzgarriak eta hamaiketakoa (taloak) izanen dituzte. Goizean etxalartarren eta saratarren arteko botaluze pilota partida ikusteko aukera ere izanen da. 11.30ean Usategietako makila (karrote) botatzeko munduko txapelketaren bosgarren edizioa jokatuko dute eta ondotik nahi duenak paleta botatzeko aukera ere izanen du.

Hitzarmena 12.30ean 2011ko irailaren 4ko Sara eta Etxalar arteko hitzarmenaren sinadura berretsiko dute bi herrietako alkateek, Etxalarko Migel Mari Irigoienek eta Sarako Battit Labordek, alegia. 14.00etan aretxe haragia bazkaltzeko aukera izanen dute Lizaietako zelaian. Bazkarirako txartelak salgai egon dira Elutsan eta Herriko ostatuan irailaren 18ra arte (25 euro). Eguerdian eta arratsaldean Joxe Angel akordeoilariak giroa alaituko du eta egun osoan animazioa izanen da. - Aitor Arotzena