arantza - Hainbat hilabetetako auzolanaren ondotik, larunbat eguerdian inauguratu zuten Arantzako udal liburutegia. Ekitaldia hasteko, Joseba Pikabea zinegotziak hartu zuen hitza, "hutsetik hasitako proiektua" izan dela adieraztearekin batera, "herritar aunitzen aspaldiko ametsa zen liburutegia egia bilakatu dela eta herritar eta bisitari guztientzat ateak irekiak" egonen direla erran zuen. Egitasmoa aitzinera atera dutenei eskerrak eman nahi izan zizkien, bereziki, guztia abian paratu duen Xabi Etxagueri.

Ondotik, Xabi Etxaguek berak, abiapuntu xume batetik hasitako ekimena izan dela aipatu zuen, "irakurketaren inguruan dinamizatzaile aktiboa izateko helburuarekin sortua, liburuei bizitza emanez modu guztietan". Bertzetik, kultur eragilea izatea helburu duela azaldu zuen, "irakule talde bat eratzeko asmoarekin". Horrekin batera, "guztion etxea, guztiontzat izatea helburu duen egitasmoa" dela gaineratu zuen. Kontatu zuenez, liburutegiko liburu guztiak utziak izan dira, "herritik, etxe partikularretatik eta hainbat lagunengadik jasoak". Baina bereziki Arrasateko liburutegiak, Migel Angel Asiain Osio Galtzagorri elkartekoak eta Lesakako Liburutegiak egindako ekarpena nabarmendu zuen. Mentxu Peña herritarrak bi ipuin kontatu zituen ekitaldian. Dabid Iturria alkateak ere ekimen honen bulkatzaileak eskertu zituen, "liburutegiaren formatua autogestionatua, auzolanean egina eta herrigintza sustatuz" izan dela; "indibidualismoaren aurre egiteko erreminta gisa, auzolanak harremanak sortzen ditu jendartearen ongizate eta zorionerako ongarri izanik".

Maddi Larralde eta Jon eta Jaione Mazizior musikari gazteek kanta ederrekin josi zuten ekitaldia; eta bertso eskolan dabiltzan herriko gaztetxoek ere, bertso umoretsuak kantatu zizkioten liburutegiari. Ondotik luntxa eskaini zien Udalak hurbildutako guztiei.

Oraingoz, Arantzako udal liburutegia, astelehen eta asteazkenetan, 16.30etik 18.30era irekiko dute, eta denborarekin beharraren arabera egokitzeko asmoa dute.