- Pandemia dela eta, iaz Udaberriko Bestek kale egin zuten Igantzin, baina aurten berriz indartsu heldu dira, programazio polita antolatu baitu herriko euskara batzordeak. Aitzineko urteekin alderatuz, aurten Udaberriko Bestak ekain osoan izanen dira, astebururo ekitaldi bat eskainiz.

Hasteko, igande honetan, Pauline eta Juliette musikarien kantaldia izanen da Baratzondon, 20.00etan. Iparraldeko bikote honek euskal kanten nahiz bertzelako musikarien bertsioak egiten ditu, baita haiek sortutako kantuak eskaini ere.

Ekainaren 11n, ortziralearekin, Amets Arzallusek Miñan liburua aurkeztuko du. Liburu hau Ibrahima Balde ginearrak eta Arzallusek berak idatzi zuten 2019an, eta Ibrahimaren migrazio bidaiaren kronika da. Aurkezpena osatzeko, bertan izanen da Joxean Ortega, Irungo Harrera Sarearen lanaren berri emateko. Aurkezpena Baratzondon izanen da, 18.00etan.

Ekainaren 20an, igandearekin, azoka izanen da frontoian, 11.00etatik 19.00ak arte. Lehen ere gisa honetako azokak antolatu izan ditu euskara batzordeak, auzoetako eta etxeetako seinalizazioa egiteko, telefono gida argitaratzeko eta bertze zenbait kontuetarako. Aurtengoan azoka guraso elkarteak antolatu du, eskolako jantokirako dirua biltzeko asmoarekin. Guraso elkartea egunotan hasiko da puskak biltzen. Inguruko herrietatik ere, norbait animatuko balitz elkartearekin harremanetan jarri helbide honetan igantzikogurasoelkartea@gmail.com. Egun hori osatzeko, 12.00etan herriko dantzariak ibiliko dira karriketan barrena, eta 19.00etan musika eta dantza herrikoiak izanen dira plazan.

Azken ekitaldia ekainaren 27an, igandearekin, izanen da. Bideak dokumentala ikusgai izanen da 18.30ean Baratzondon. Gainera, dokumentalaren protagonista, Euskal Telebistako Biba zuek! saioan hain ezagun egin den Aritz Ganboa Arruazuko artzaina, eta Xabier Unanue zuzendaria bertan izanen dira, behar diren azalpenak emateko. Dokumental honek Ganboak 2019ko urrian bete zuen erronka kontatzen du. Hain zuzen, gazta bat motxilan hartu eta Arruazutik Izabaraino eraman zuen, lasterka.

Eskolako jantokia. Urtez urte hainbat helburu izan dituen azoka aurten guraso elkarteak antolatu du, eskolako jantokirako dirua biltzeko asmoarekin ekainaren 20an.

Puska biltzea. Guraso elkarteko kideak egunotan hasiko dira egun horretarako puskak biltzan eta herririk kanpokoek ere lagun dezakete.