Síguenos en redes sociales:

Euskalgintzaren saioa eginen dute larunbatean Beran

Kultur Etxeko erakusketa gelan eginen dute saioa bihar 10:00etatik 12:00etara

Euskalgintzaren saioa eginen dute larunbatean Beran

- Bortzirietako Euskara Mankomunitateak antolatuta, Bortzirietako euskalgintzaren gogoeta eta analisia egin zuten iazko udazkenean Bortzirietako hainbat euskaltzalek Lesakan. Euskalgintzaren egoera sakon aztertzeaz harago, bertze hainbat eskualdetako proiektuak ezagutu zituzten, Tolosaldekoa, eta Hernanikoa kasu.

Saio horien ondotik sortu zen Bortzirietako euskalgintza berraktibatzeko, eta eskualde mailako euskara talde bat antolatzeko lan talde bat. Jardunaldiaz geroztik lanean ibili da talde hori, etorkizuneko Bortzirietako euskara taldearen oinarriak zehazteko asmotan. Udazkenetik orain arte egindako lana aurkeztea da asmoa Beran publiko aitzinean eginen duten saioan. Berako Kultur Etxeko erakusketa gelan izanen da bihar, larunbata, 10:00etati 12:00etara. Euskaltzale orori egin diote gonbidapena bertan parte hartzeko.

Bi zatitan banatuko dute saioa. Saioaren lehenengo zatian iazko udazkenean hasi, eta gaur egun arte egindako urratsak aletuko dituzte talde eragile horretako kideek. Ondotik, taldetan elkartuta, egindako lan horren analisia eginen dute, eta taldeetan sortutako proposamenak aurkeztu eta denen artean eztabaidatuko dituzte. Behin taldetako jarduna bukatuta, ekarpenak jaso, elkartearen oinarriak zehaztu eta denen artean adostea izanen da helburua. Lan saioarekin bukatzeko, elkartearen hurrengo urratsen eta etorkizuneko asmoan inguruan solastatzea da asmoa, eta hamaiketako batekin bukatzea.

Berako saioa irekia izanen da Bortzirietan bizi diren eta euskalgintzaren parte diren, edo izan nahi duten herritar guztientzat.

Bertze aldetik, Bortzirietako Euskara Mankomunitateak sustatutako Literatura geraldiak ekimeneko bi ekitaldi izanen dira egunotan. Gaur, 18:00etan, Mikel Antza idazleak Arroz urez liburua aurkeztuko du Berako liburutegian. Ekitaldia irekia da, eta edonor joan daiteke, liburua irakurri izan edo ez. Larunbatean 19:00etan Lesakako Harriondoa kultur etxean, berriz, Aritz Galarraga idazleak bere Gogoan dut liburua oinarri duela, ibonrg musikariaren laguntzaz, errezitaldi musikatua eskainiko du.

Euskaraz irakurri. Euskaraz irakurtzeko ohitura eta zaletasuna zabaltzea, herritarren euskarazko kultur kontsumoa indartzea, euskal liburugintza indartzea, liburutegi publikoen erabilera bultzatzea eta esperientzia literarioak konpartitzea da ‘Literatura Geraldiak’ programaren helburua. Asteburu honetan bi hitzordu.