2020ko azaroan sortu zen Zubiriko kontzejua. Maialen Villanueva eta Gloria Larrainzar, taldea osatzen duten bost kideetako parte dira. Apirilean hasi ziren antolaketarekin. “Kontzejuak herriarekin batera prestatzen ditu jaiak. Bilerak egiten ditugu eta herritarrek erabakitzen dute zer egin eta zer ez. Hortik aurrera, guk kudeatzen ditugu gauzak. Agertzen diren pertsonen artean, dauden gogoak, beharrak eta nahiak erabakitzen dira”.

“Txupinazoa aurten horrela egitea bilera batean atera zen. Herritar bati bururatu zitzaion bi urte hauek eta gero, polita izango litzatekeela herri osoak botatzea, festa ospatzea merezi dugulako”, azaldu zuen Maialen Villanuevak. Gloria Larrainzarren ustez, “aukera ona da jaiak postazunez eta gozamenaz bizitzeko eta herria alaitzeko”.

Kideak esan zuen egitaraua antzekoa izaten dela urtero: “Azkenean herri txikia da eta aurrekontua ez da aldatzen. Aldaketa txikiak egiten saiatzen gara. Ekintza guztiak herriari bergira antolatzen dira, bazkari autogestionatuak, musika, partiduak…”.

Jaiak antolatzen dituzten lehenengo urtea da. “Iazko egitaraua kontuan hartzen saiatu gara”. Maialenentzat “garrantzitsua da bizilagunek erabakitzea. Herria herriarena da eta momentu honetan guk kudeatzen gaude baina horrek ez du esan nahi guk erabaki horiek hartu behar ditugunik. Modu horretan egitea polita da. Ateratzen diren ideiak interesgarriak dira”.

Gloriak azaldu zuen antolaketak lan handia suposatzen duela, orokorrean kontuan hartzen ez dena, ikusten ez baita: “Egitaraua txikia dirudi bost orrialdetako liburuxkan baina hor ekintza asko daude eta dena lotzea zaila da. Gauza asko kontuan hartu behar dira. Materialak, pertsonak…”. “Prozesua polita izan da jaiak gustatzen zaizkigulako eta behar ditugulako baina zaila eta nekagarria izan da aldi berean. Lan bat egiten ez dakizunean, kostatzen da. Gauza asko dira baina herriaren laguntzarekin dena ongi aterako da”, onartu zuen Maialenek.

Bere aburuz herriak gehien disfrutatzen duena “elkarrekin egotea da. Oso polita da herri osoa hemen elkarrekin ikustea”. Azken finean, bi urte hauetan gutxi errepikatu den irudia da hori. Pandemiaren garaiari buruz hizketan, Gloriak eskertu zuen “herriak naturarekin duen lotura. Ikasi dugu inguruan daukaguna baloratzen”. Maialenek, gehitu zuen: “Ohituta gaude festa ospatzera. Familiarekin eta lagunekin elkartzera. Zonalde honetan garrantzitsua da hori. Horregatik, jendea kriston gogekin dago berriz ospatzeko”. Maialenek jaiak armoniaz eta errespetuz” bizitzera gonbidatu zituen Zubiritarrak.