Irudi bitxia atzo Udaletxe plazan. Japoniar saldoa, guztiak adi gidariaren azalpenei. Guztiak ere aho-maskara zabalekin musua estalita, zer gerta ere, Txinako gaitza gogoan. Ezin jakin Iruñean ostatu harturik edo eguneko aldia eginik. Bizkitartean, bertze hotel baten hotsak Alde Zaharrean, Udalak baimena ematen badu. Etxebizitzak egitekoak ziren, baina, orain, asmoz aldatu eta hotela (bertze bat), jatetxea eta taberna. Hori bai, hoteleko tabernak ez luke sarrera izan behar zuzenean karrikatik, egungo araudiaren arabera. Sustatzaileek, ordea, horixe lortu nahi dute, zuzenean kaletik tabernara sartu ahal izatea. Aldi berean, jakin dugu iaz Alde Zaharreko taberna, kafetegi eta taberna berezietan egindako ikuskapen lanen ondorioz, 94 espediente abiarazi zirela, zalaparta handia egiteagatik, isolatuta ez egoteagatik, arauzkoa dena baino terraza handiagoak izateagatik, etab. Ikuskaturikoen % 42k ez zuten araudia betetzen. Badakigu espedienteak abiarazi zirela, baina isunik paratu al zaie? Paratu izatera, ordaindu al dute? Zergatik ez da erraten zer establezimendu diren? Araudira egokitzeko agindua eman omen zitzaien; bete ote dute? Ezin jakin, Udalak ez baitu inolako jarraipenik egin, eta agintari berriak ez dira horren alde. Orain, oposizioak beharturik eginen du Udalak ikuskapen lana; oraingo honetan, baita peña eta gastronomia-elkarteetan ere. Alkatearen taldeak horren kontrako botoa eman du. Adierazgarria, zinez. Gauza jakina baita botoetan ez duela Mayak uzta oparorik biltzen gure hiriko karrika meharretan. Beraz, zertarako kezkatu gisako "jendailaren" ongizateaz? Bitartean, ea ikuskapenak argitzen duen "kafetegia" lizentziapean irekitako establezimenduen afera, nola daitekeen goizetik arratsera diskoteka bihurtzea ate bikoitzik izan gabe, isolaturik egon gabe. Eta gainera, kaferik zerbitzatu gabe.