ertzelako doinuak entzun ziren atzo. Astrainen balsa izan zen lehena, eta gero, ezin konta ahala Sanfermin doinu, peñek abiarazitako ekimenaren ondorioz. Dena den, sanfermizale amorratuena ere gogaitzeko modukoa da riau-riaua hiru bat orduz jarraian entzutea. Aste Santuaren atarian, mozorroen prozesiorik ezean, aurten militarrena izan dugu. Txikitan, mozorroak eta militarrak pasa-tzen ziren balkoipetik. Gero, militarrak desagertu ziren. Aurten, berriz, mozorrorik ez, eta militarrak bai, kamuflaje-arropa jantzirik, eta kamuflajearen gainetik, txaleko islatzaile nabarmen-nabarmena. Bai koadrila mari-bistakoa! Egungo ataka meharretik atera-tzean, inor oroituko al da babes zibila behar bezala antolatzeaz? Bitartean, irudimenez dihoakigu begirada harresiez harata, Iruñerriko udaberriaren ederra gozatzeko. Tira, dronez arduratzen diren foruzainak ere ohartuko ziren hain segur bazterrak arras ponpoxturik daudela. Hamaika dron barrandari baitabiltza, zelatan, lurrari beha, forukiek gidaturik, ea inor harrapatzen ote duten alberdanian alorren artean edo mendi bazterren batean. Nekazariek eta ganaduzaleek, zer gerta ere, paper bat daramate, baina ez pentsa, zenbaitek lanak izan dituzte guardia burugogorrekin, dela gorriekin, dela berdeekin, lurra ongarritzearen edo azienda gobernatzearen beharraz konbentzitzeko. Aurre hortan, konparaziora, guardia zibilek auto bat geldiarazi zuten Iruñerri inguruan, eta gidaria albaitaria suertatu: "Banoa behiak intseminatzera". "Zer? Hemen txantxa gutxi gero, e? Zer intseminazio eta zer intseminaziondo! Eta hori funtsezko eginkizuna da? Eta preseski, orain egin behar? Alarma-egoeraren erdian?". Albaitariak, egonarri handiz: "Behikumerik gabe, txahalkirik ez". Guardia sinesgogorrak fidatu ez eta, zer gerta ere, albaitariarekin joan ziren behitegiraino bertaraino.