daberria aitzinatu zauku? Hala iduri luke hamar egun huntako denbora miresgarria ikusiz geroz€. Zuhai-tzak hozitu nahiak daude, eta liliak pinpirinatzen hasiak. Idatzi zuen Manezaundik Iruñeko aroaz 34ko otsail urrun hartan. Hitz berberek balio dute aurtengo otsaileko eguraldia azaltzeko. Goitik behera ponpoxturik ageri baitira, konparaziora, Arantzadiko eta Takonerako zuhaixkak; hostoa aterata, Arga bazterreko sahatsak; liliturik, Magdalenako fruta-arbolak. Eta gogotsu dabil jende aunitz baratze-lanetan, udaberria jantzi ederrekin apaindua heldu zaigun honetan, hego-haizeak bultzaturik. Beraz, aldaketa gaitza aroan, baina are gai-tzagoa hiriko alkate jaunak Pio XII.enaren kontura egindakoa, bere egin baitu erabat aitzineko gobernu taldeak etorbide horretarako erabakitako guztia. Lehen ezetz, orain baietz. Zer ez ote zuten erran proiektu horren aurka. Sekulakoak eta bi. Hura munduaren akabantza zen. Berehala agertu ziren proiektuak kaltetutakoen taldeak, dela denda-jabe, dela bizilagun, dela auto-jabe, dela taxi-gidari, guztiak ere arras sumindurik, hedabide jakin batzuek ederki xaxaturik. Haien artean, gogoz ahalegindu zen, Cordovillako berripaperaz gain (jakina), Nafarroako Gobernuak diruz -izugarri, ahalkegarri- hornituriko toki telebista bat, hots, Navarra Suma eta PSN ez bertze gainerako guztiak gogor baino gogorrago zafratzen dituen huraxe. Mayak argazkia egin zuen Pio XII.ean, zenbait denda-jabez eta bizilagunez inguraturik: "Alkatetzara iritsi bezain laster, zegoen bezala utziko dugu den-dena". Behin aginte-makila eskuraturik, autoei baimena eman zien etorbidean aparkatzeko, baina Asironen garaiko gainerako aldaketak mantenduta. Orain, ordea, aparkalekuak kenduko ditu Pio XII.etik. Duela lau urtekoan ez bezala, ordea, ez dirudi oraingoan jende kaltetu eta koleratua agertuko denik.