zala izan da asteon. Azaleko argazkia egunkari honetan. D eredua San Frantzisko eskoletan ireki izanaren 25. urteurrena. Guraso talde batek luzaz egindako ahaleginaren ondorioa izan zen, hezkuntza-agintariek luzaz ere ukatu ondoren. Leiho bat ireki zen, bertzelako jendea iritsi baitzen nafar gobernura, hezkuntza departamentura, eta erabakia garaiz hartu zen, doi-doi Otanok dimisioa eman aurretik. Hirutariko gobernua izan zen hura (PSN, CDN, EA). Bertzenaz, ez zen D eredurik izanen Alde Zaharrean, ezta eskolarik ere, UPNk San Frantzisko ikastetxea ixteko asmoa bai-tzuen. Eta gauza jakina da ez dela eskolarik gabeko auzo bizirik. Euskarazko eredua ireki izana funtsezkoa izan zen, lehenik eta behin, eskola bera suspertzeko, gainbehera izugarrian baitzetorren ikasle kopuruan, ghetto bihurturik. Funtsezkoa, halaber, plaza-giro ustela biziberritzeko. Aste honetan berean, konparaziora, arratsaldero, mukuru; haurrak jostetan, eta haien guardian, gurasoak zutik solasean eta aitatxi-amatxiak jarlekuetan. Egungo hizkeraren arabera, belaunaldien arteko topaketa, eta denak elkarrekintzan eta elkarreraginez. Bertzela erranik, denak harremanetan, duela 115 urte baino gehiago bete dituen ikastetxearen arrimuan. Ibilbide luze horretan, bi emakume izan ziren ardatz San Frantzisko eskoletan, gerra aitzinean, biak ere maistrak, iruindarrak, euskaltzaleak, pedagogia berritu zaleak, bertzelako irakaskuntza moldea erabilitakoak, bi-biak Iruñeko lehen ikastolaren bultzatzaileak, emakumeen eskubideen aldekoak, EAJkoak, Emakume Abertzale Batzakoak, 36ko uztailean zapalduak, zigortuak eta lanpostutik egotziak, bizimodua ateratzeko klase partikularrak eman behar izan zituztenak. Julia Fernandez Zabaleta eta Catalina Alastuey Garaikoetxea. Arrazoi aski eta sobera, ikastetxeari bietako edozeinen izena emateko.