azen tenorea. Azkenean, Franco hil eta 46 urtera iritsi da omenaldia. Guztiz adierazgarria. Ekitaldi xumea baina hunkigarria zinez, gure hiriak, gure gizarteak, agintariek, luzaroan deus ere egin ez dutela kontuan harturik. Hiriko norbanako batzuk aritu dira beren kasa buru-belarri lanean eskuzabaltasun hutsez gertakari ezezagunak, isilaraziak edo ezkutatuak argira ateratzeko. Alimaleko ahalegina egin dute. Orain, 100 urte bete berri dituen Osasunaren historia ofiziala idazten denean, eta zehatzago, gerra aitzineko klubari lotutako hamaika lagunen aipamena egitean, fusilatua, espetxeratua, erbesteratua, zapaldua eta gisakoak idatzi beharko dira, egiaren argitan. Ikusi dut, hala ere, jokalari ohi batek hauxe erran duela omenduen aldeko mezua bidaltzean: "gerra zibilaren gorabeherak pairatu zituzten klubeko zuzendari eta enplegatuak hartu nahi ditut gogoan". Ongi, baina oraindik ere bada zer argitu edota zer oroitarazi. Hemen zapalkuntza latz, gupidagabe eta odoltsua gertatu zen, guda-lerrorik gabeko lurraldean. Eta alkatea? Duela gutxi, Udalak Osasunari hiriko domina eman zion, taldearen mendeurrenean, joan den ortziraleko omenduei ateak iltzez eta giltzez itxita. Herenegungo omenaldira ez zen agertu. Ustekaberik? Baita zera ere! Nafarroako Gobernua izan da sustatzailea. Bertzenaz, ez zen omenaldirik izanen. Orain, Baluarteko omenaldiari bere egiazko munta eman nahi bazaio, zerbait egin beharko da Sadarren. Bertze jokalari ohi batek, konparaziora, adierazi du zapalketa pairatutako guztiek plaka bat merezi dutela Sadar berriztatuan. Eta jakina, omenaldia bururaino eramateko, zerbait egin beharko litzateke zelaian berean, erdigunean, harmailak oro jendez mukuru dauden egun batean. Omenduen ahaideak zelaira atera eta ohorezko sakea egitea. Ea erdiesten den bertze 46 urte joan baino lehen.