egealdi guztietan nabarmentzen da zinegotziren bat edo bertze, arrazoi hau edo hura dela medio, eta argi dago nor den oraingoan guztien artean gailendutakoa. Argi dago segurtasun arloko zinegotzi buruak ez duela isuna ordainduko. Labairu ezagutzen dutenak ez dira den mendrenik ere harritu. Hortxe dabil, kanpora begira, harro, eta barnera begira, guztiz manukor, Elizalde andere zinegotzi ahalguztidunaren eta Fernandez segurtasuneko zuzendari azeri zaharraren artean. Gehienez ere, udalaren gehiengoak haren jokamoldea gaitzetsiko du, Esporrinek baitu azken hitza: amen. Bitartean, bitxia da, baina Labairuren afera hau lehertu da (leherketarik izan bada) noiz eta sareetan Laba izeneko ekimen berria plazaratzen hasi den egunetan. Aspaldian pentsatzen eta ontzen hasia, izurritearen gorrienean ere jende aunitzek eta belaunaldi gazteek landutakoa eta, sumendien antzera, leherketa gorria edo erupzio onuragarria eragin nahi duena Iruñeko euskal kulturgintzan, gure hiriaren bihotzetik, plaza nagusitik, ekinez, ekimen horretan lekua bera baita ardatzetako bat. Duela 120 urte inguru, leku horren ondoan, jendeketa bildu egiten zen Sanferminetan, balkoi jakin baterantz begira, Sarasatek balkoi hartatik beretik ematen zituen biolin-emanaldiak entzuteko eta lehertu arte txalotzeko. Hitzak beti jostari: Laba3, Laba eta, jakina, harako Labayru hura ahantzi gabe, erran nahi baita, aspaldian Euskal Herriko mendebaldean euskalgintza oparoan diharduen Labayru Fundazioa. Betor, bada, ekimen berri oro euskararen plazara, arkupeetara. Horiek guztiak eta gehiago beharko baitira eragiten saiatzeko. Gaur bertan, konparaziora, bertze ekimen bat, hots, "euskal liburutegi sozial ibiltaria" Nabarreriako plazan, iturriaren ondoan, eguerdian, pare bat orduz, liburua oinarri, plazer iturri, denon eskura eta gozagarri.

Betor, bada, ekimen berri oro euskararen plazara, arkupeetara. Horiek guztiak eta gehaigo beharko baitira eragiten saiatzeko.