adakigu aurten 3 urteko haur gutxiago zegoela Nafarroan, eta jakina, horrek eragina izan du, Ikastoletan batez ere. Ez dakigu aurrematrikulatzeko adinean izan diren haur guztien artean zenbatek dituzten gurasoak etorkin, Iruñerrian nekez aukeratzen baitute D eredua. Badakigu euskarazko irakaskuntza sendotzen ari dela Erdialdean, Tafallan, Erriberrin, eta are hegoalderago ere, Caparroson. Estellerriko herri txiki frankotan ere bada orain D eredua, eta Mendigorrian, azkenean, nekeak neke, gurasoek D eredua zabaltzea erdietsi dutela. Erribera zabalean, bere txikian, aintzat har-tzeko modukoak dira D ereduko ikastetxe gutxi horietan izaniko emaitzak. Euskarazko irakaskuntzarik ez dagoen herri zenbaitetan, berriz, A eredua zabaltzearen aldeko ahalegina egin da. Buñuelen, konparaziora, alkate andrea bera ere agertu da eredu horren alde, baina ikastetxe publikoko zuzendaritzak berak egin dio kontra. Atera kontuak. Beraz, D eredua, Nafarroan, ez gora, ez behera. Duela urte sail bat, urtetik urtera gora zihoanean, iduri zuen noizbait ere guraso gehienek D eredua aukeratuko zutela. Ez da horrela izan, ordea, kontrakoa baizik. Hiriburuan, gainera, joera bat sumatzen ari da. Ez da berria, baina euskal irakaskuntzako eragileek ez diote erreparatu, hots, zenbat guraso euskaldunek eramaten dituzten seme-alabak beste ereduetara, ikastetxe pribatuetara: Jesuita eta Eskolapioetara, gehienbat. Galdera da zer dela-eta hautu hori. Zerk bultzaturik ez dituzten haurrak D eredura eramaten. Zergatik ez zaien asegarri D eredua. Guraso euskaldunak dira eta euskaraz egiten diete haurrei. Euskal irakaskuntzako eragileek begiak zolitu eta belarriak zorroztu beharko lituzkete, inguruan gertatzen denaz egiazki jabetzeko. Nork eginen ote du behar bezalako azterlana errealitate horren zenbatekoa eta nolakoa taxutzeko?