eigarren olatua azken egunotan bezain agudo igo ziren errekak herenegun. Irudipena da gero eta maizago gertatzen ari direla horrelakoak. Urtea idor baino idorrago zetorren. Urtean bota ohi duen euriaren erdia ere ez. Idorte gaitza. Azaroaren 22tik aitzina, ordea, goian behean. Hamaika irudiren artean, Burlatako zubi zaharra izan da niretzat txundigarriena. Erripagañara igo, behera begiratu eta ez zen ia ikusten. Mendillorrira doan zubia urpean gelditu baitzen, Argak irentsita. Horrek ederki salatzen du uhaldiaren nolakoa eta norainokoa. Santa Engrazia eta Arrotxapeko zubiko begiak, konparaziora, ia estaltzeko zorian egon ziren, baina ur handiek ez zieten gaina hartu. Gero, urak jaisten hastearekin batera, han hasi zen lehenik Burlatako zubi-bizkarra agertzen; gero karelak, eta geroago, begiak eta horma-bularrak. Hantxe zirauen zut Erdi Aroko zubiak, harlauzaren bat gorabehera. Ustekabea izan dela diote agintariek. Sekulan baino gehiago igo omen dira urak. Halaxe diote Ultzama eta Arga ibaietatik hurbil bizi direnek. Burlatako bizilagunak zur eta lur. Inork ez zien erran ura karrika Nagusiraino bertaraino iritsiko zenik. Herriko udaltzainek Atarrabiakoei eskatu zieten laguntza, hesirik ere ez baitzuten urek hartutako kaleak zedarritzeko. Atarrabian atzo goizerako deitua zuen Udalak auzolana, bazterrak garbitzen hasteko. Bitartean, galdera dabil, ea zergatik zegoen Eugiko urtegia hain beterik, hau da, zergatik ez zuten aitzineko egunetan ur gehiago laxatu. Erreken emaria gutxitzearekin batera lausotuko da eztabaida, ohi denez. Hurrengora arte. Eguzki goxoa agindu dute hainbat egunetarako. Bertze uholdeari, aldiz, axola gutxi euria edo eguzkia ote den. Ez du oraindik goia jo. Lubeta eta eustorma guztiak gainditu ditu eta txertagiria berez ez da aski kutsadura-uhaldia beheratzen hasteko.