ura zen futbolari aparta hura. Auskalo non ikasi zuen baloia hain dotore jotzen, hain modu bitxian ukitzen, hots, Txilen mutikotan hogei urte bete arte bizi izaniko garaian edo behin atzera itzulitakoan jokatutako taldeetan. Han, ziur aski. Adinduxea iritsi zen Sadarrera, taldea bigarren mailan zebilela, 32 urte beterik, eskarmentu handia bizkar gainean eta arras trenpu onean. Ez zen hura bezalakorik joko-zelaia gobernatzeko. Eta haren inguruan, gainerako jokalariak oro haren erranetara. Gainerakoen artean, bazen indarra zuenik, bazen kemena zuenik, bazen azkarra zenik, bazen gol usaina zuenik, bazen baloia trebe zerabilenik, sekulako taldea osatzeraino. Eta hain iaioak ez zirenek, berriz, gogoa zerakutsaten, adorea. “Con kozkor, con kozkor” oihu egiten zieten adineko zaleek Sadarren. Azken buruan, talde liluragarria zinez Osasuna beti hirugarren eta bigarren mailen artean gora eta behera ezagutu zuen belaunaldiaren-tzat; lehen mailan egotea zer zen ez zekiten zale gazteentzat. Eta hamaikako hartan, erdi-erdian, denen buru eta buruz jantzia, gure erdilari bikaina, jaun eta jabe, iaioetan iaioena, hala aurkarien ekinaldiak eragozteko nola gorritxoen erasoak antolatzeko. Baloia dotore eta garbi kentzen zien aurkariei, hanka luzeetako bat harrigarriki luzaturik, bertze jokalaria zangoz trabatu gabe, ber-tzeari ostikorik jo gabe, bertzearen orkatilan ubeldurarik eragin gabe, ber-tzearen oina deus ere ukitu gabe, bertzea zur eta lur utzirik, joko garbia eta abilezia baitzituen dohain. Hark ere gobernatzen zuen erasoaldia, zirt-zart, baloia ezker edo eskuin hegalera ukitu miresgarriz igorriz, dela Martini, dela Etxeberriari, dela Irigibeli. Non begia, han baloia. Berrogi urte joan dira. Eta, orain, urte zaharra amaitzeko zorian zegoela, Clemente Iriarte Madariaga joan da, zendu da. Bego Sadarren betiko.