Síguenos en redes sociales:

Patera, batela, arrutela...

Sekula baino maizago eta morbosoago darabilgu patera hitza atzenaldian. Baina fonetiko hutsa ote da batela gurearekin duen antza. San Ferminetan hala aditu bainion beremodu samar zebilen gazte bati: Afrikar beltzen batela, Europan hildakoen okela? Ez dakit nola nahastu zituen patera eta batela. Guk, lehorrekook ez baitugu aditu Joxe Migelen batela: txitxarrua ta berdela... delako hura besterik, eta hura ere gaizki: pardela kantatzen baitugu oraindik, batela ordez.

Dena den, Corominasek ez dakar patera hitzik, eta Espainiako Akademiak ere 2001ean sartu omen zuen aurreneko aldiz bere hiztegian, nondik datorren ongi argitu gabe. Baina Ander Ros folologoak esan dit, San Ferminetakoa gogoan noski, ez duela uste patera hitzak deus ikusirik baduen gure batela hitzarekin: “Batel, germaniera zaharrean bat dugu, beharbada fr./ing. zahar vessel (erd. bajel) hitzarekin gurutzatua. Germanikoa da, orobat, bote, germ. zahar bot, ing. mod. boat, alem. mod. boot, euskaraz botin, potin, sufixu ttipigarri batez lagundua, batel hitzaren kasuan bezala”. Guzi honek zentzuzkoa dirudi, baina non ote ditu patera hitzak bere erroak? Hori jakin nahiko nuke nik, San Ferminak pasa ondoren ere.

Hala ere, ni artikulu hau idaztera ekarri nauena, arrutela hitza izan da. Ez baitut inongo hiztegietan harrapatu, ez bada Fernando Maiora ikerlearen Injurias, coplas, frases liburuko 166 orrian, 1755 urteko Sunbillaz ari delarik: “Martin Joseph de Aldabe, natural y residente en esta villa.. de hedad que dijo ser de treinta y ocho años poco mas o menos.. con encargo que dijo tenia de Don Pedro Laviano para hacer la red sobre la presa molinar de esta villa y conducirse su leña como practicos y bersados en su ejecucion de red y conducion de leña con sus arrutelas que tienen para ello, a modo de barcos.

Pedro de San Bartolome, vecino de esta villa (Sunbilla)? dijo ser de sesenta años poco mas o menos? que con motibo de que de treinta y seis años a esta parte se ejercita en conducir leña y otros materiales por el rio caudal de Vidasoa que baja por esta villa, en todas las ocasiones que se ofrezca, con un instrumento que llaman arrutela, que es un remedo de un barco, como en hacer la red que se prepara sobre la presa molinar de esta villa, a fin de que sin hacer daño a la dicha presa, se pasa por el encajonado que se dispone sobre ella para dicha conduccion”.

Horra nola ibili behar izaten zuten egurra urez garraiatzerakoan, orduan oraindik gehienak zurezkoak izaten ziren presak ez urratzeko. Baina arrutela izeneko urontzi hura nola galdu ote da inon arrastorik utzi gabe? Beno, arrastoak utzi ditu han hemen, baina, ez Maiorak jaso digun erlikia horren gisakorik. Sunbillan bertan bada Arrutela izeneko baserria, Bidasoak garai batean Sunillan zuen pasabide zaharra Zubizar inguruan zain-tzen ari balitz bezala, goiko kaskotik behiti begira, gaur oraindik hantxe dagoena, Bidasoalde izeneko auzoan Estamoa eta Larraburu baserriak alboan dituela. Honatx Pako Latasak prestuki bidali didan argazkia:

Hondarribian ere hortxe dugu, Arrutela izeneko baserri sonatua, Sunbillakoa Bidasoari bezalatsu goiko kaskotik itsasoari begira, eta Jaime Anduaga prestuak eskuratu didan Hondarribiko Baserriak izeneko liburuak, honela dio 310. orrian, Arrutela etxearen argazkipean: “Ez dugu aurkitu baserri honen daturik 1796ko zerrenda arte. Garai hartan izanen zen egin berria, ez baitago etxearen aipamenik 1787ko erroldan, ezta aurrekoetan ere”.

Sunbillako Arrutela baserriak ere ez du askoz lehenagokoa behar. Kontuak hola, posible ote da Maiorak jasotako urontzi tipi haren izenak bataiatu izatea Sunbillako eta Hondarribiko baserri horiek? Baina hala izan edo ez, nondik ote datorkigu arrutela hitza? Auñamendi En-tziklopediak ere aipatzen du, Iturengo toponimotzat. Andres Iñigok egindako Toponomástica Histórica del Valle de Santesteban de Lerín, ikerlan handian ere badator, 228 orrian. Edozein modutan, etimologia iluna duela dio Iñigok.

Bukatzeko esan, buruhauste zelebreak erabili ditugula Ros filologoak, Hartsuaga antropologoak eta Patziku apologoak San Ferminak ondoren, arrutela goiti eta arrutela behiti. Hala ere, neretzako, hizpidera etorri diren aukera lehor guzietan egokiena hauxe: gaskoierazko rodella hi-tzetik aterea izanen dela gure arrutela galdua, seguru aski ere. Honekin ez dut esan nahi, ordea, beste aukera guziak gaitzetsi egiten ditudanik, bai baita nork non ikertua sobera arrotola, artola, arruquero eta gisako hitzekin fin saiatuz.