Síguenos en redes sociales:

Bihotz minberatuan hatzamarka eginez (II)

arrastirian ostendu da eguzki epel indargetua, lurrik gehienak kerizean utzirik, azkenengo argi orratzak edo printzak mendi gandorrari begira zeharka, xortaka... Errekazulo mehar eta malkartsua guztia likitsez, lokatzaz eta osiñez lohitua. Ilunabarra itzal ageri da... Oso erori gara, antza denez.

Goazen gurera, bideari lotu ga- tzaizkio, jakintzazue, irakurleok, jakin... eta beti ere gogamen hau (eztiz intzaturiko gogamena) datorkidala bihotzetik burura. Entzuidazue, arte-arte. Ni neu bizarrez oso jantzi naizenean, barrua zabaltzeko egarria ezin gorderik, nere barruko mintzoak dioena, ilunsenti isilaren urragarri:

Urteak joan eta urteak etorri. Juan Mari Atutxaren (dozena erdi bat aldiz erahiltzeko saiakera burutu eta gero) emazteak Euskadi-irratira eginiko adierazpenak barru guztian sortu zidan dardaraldia eta somatu nuen astindua ez zen nolanahikoa izan: Beste behin hiltzeko ahalegina egin ezkero bera (emaztea) kotxe barruan gerta zedila eskatuz. Sufrimenduaren sozializazioa (oldartzen ponentzia) proposamen gisa (ez presoak bakarrik, baita polizien bizilagunak ere gatazkaren ondorio lazgarriak nozitu beharko lituzketela justifikatuz). Gizatasunaren antitesia. Sufrikario hau ez da erabat amaitu. Lehenago ez bada, geroago, ikusiko da estrategia hutsa den, akaso martingala edota trikimailuaren bat denbora irabazteko ote den. Oinarrian, ez badago erizpide etiko edo moralik, mugimendu honek gerora ez du sinisgarritasunik izango. Geroak zer ekar diezaigukeen...

Nork xukatuko hildakoengatik mara-mara ixuritako malko samin hariek? Negar ixila darion miña, min etsia. Errenteriako alkatearen antzera,bere barkamen aitortzaz arras txundituta, guztion izenean barkamena helarazteko bidea beharrezkoa eta bidezkoa dela erizten diot, ez dela duintasunik galtzen edo umillagarria gertatzen eta gatazkari gizatasunez aurre egiteko bidea zabalduko ligukeela, zalantza izpirik gabe. Barkamena Felipe González, Vera eta Barrionuevok ere eskatu beharko lukete odol egarri, mendeku eta gorrotoz kirastutako guda zikinaren erantzule gisa, bestalde, jakina da, badela bat baino gehiago epelak jasotakoa ere.

Zaharra berri, gazteen amorragarri. Ezin gara ibili, bada-ezbako ibilera laburretan, ezbanahizko hegaldi txepeletan, luzera begiratu behar dugula. Katalanen kasuan, ukaezinezkoa, gehiengo zabala beharko luketela eta ez dutela. Ukaezinezkoa, ezeren adiera gabe, ekaitzaren atariko aterune edo barealdian ez dela ezer gertatuko esatea begiak estaltzea ez denik. Ukaezinezkoa,bestaldeko mehatsuak berriz; itsasoz, airez eta lehorrez eginikoak (indar armatuen partehartzea) dena kolokan jartzen dutela.

Bi ezin ados jarri,batek ez badu nahi. Egia da. Ur zurrunbiloa txulo baten inguruan etengabeko jira-biran dabilen antzera. Bainan alde bakarreko bideak nora garamatza? Zorigaitzaren osiñera? Bide periltsu, bihurri eta meharretan menturatzeak zer ekar diezaiguke?

Arestian esan dudanez, den-dena orpoz ipurdi jarri eta indartsuenaren legea nagusituko balitz? Elkarbizitzaren hesi biguna urratuko balitz? Elkarbizitza bera txito zapuztuz eta ezinikusia areagotuz, orain artekoa penditzetik behera piririka amilduko bagenu? Ni ez naiz harresiak altxa- tzearen aldeko...

Neure burua hausnarka gal-gal ari zait, euskal presoak (ez direla kontzientzi-presoak) gizalegez gurean beharko lukete. Presoen hurbilketa ahalbidetzeko ETA erakunde militarrari eta bere proiektuari lur eman beharko liokete eta ondoren barkamena eskatu. Presoen egoerari buruz errua besteen bizkar gain bota- tzea ez da zilegi. Azkeneko bost urteotan (hain denbora gutxian) erdiak baino gehiago, ttanttaka-ttanttaka bada ere, kalera atera baitira. Normalizazio bidean... hala ere, beretzat eskatzen dituzten eskubideak besteontzat ere aitortu beharko lituzketela.

Zorionez,eskenatoki berri baten atarian gaudela aitortu beharrean gaude. Gaitz erdi! , etorriaren etorriz, etorkizunera begiratu beharrrean gaude. (Zer paper du Kubatik eskenatoki honetan?). Kendu makarrak begitatik ,begibista lausotua dugu eta beste muturrekoak ere enperadore burugorria aurretik (ez nian erizten kaxkotik hain hutsa, burukoloka hori pittin bat tinkatuko litzaiokeenik). Kaxkagorriak eta kaxkagorrak txito ugaltzen ari baitira, perretxikoak bezala, ingurumariotan. Muturrekoak, juzgu tankera hori, kulunkatuz, bai alde batekoak eta bestekoak, beti ere, elkarri ufaka. Ene, hau da kusidadea!

Azkenik, joanak joan, etorkizunera begira jarri behar... agintaritza makilla duzuenoi eskaria luzatu eta helarazi nahi dizuet, berantetsirik, zubi guztiak eten eta erori baino lehen zuen bitartekaritza edota Elizarena eskatzera natorkizue. Alde bateko edo bestekoen artean, ondorio ezin okerragoak ekarriko lituzkeen, talka neurrigabea gertatu baino lehen.

Postdata: Azken uneotako gertakizunen aurrean, Bartzelona, Cambrils... gaitzesten ditudanak modu berean, guzti honen argitan hemen idatzirikoa ulergarriagoa gertatuko zaizue. Ez al du gaitzetsi behar Bilduk terrorismoa?