Síguenos en redes sociales:

Bihotz printzatuan hatzamarka eginez

eguna urratzen hasia da. Haize leun batek emeki mugiarazten ditu zuhaitz hostoak kerizpean, leku laio-tzean, eguzkiari laino zuri eta mehe batzuk tartekatzen zaizkio noizbehinka printza dirdaitsu batzuk tarteka kirikolatuz. Urrean, errekaren hots kaden-tsua harriz harri jausika erpiñetako hartzuloak printzatuz. Euriteek aspaldi zaharrean lohitu gabeko ur gardena dariola, gainbehera bizian, bizkor, arin, jostakor.

Egunak joan eta egunak etorri, mende erdia betea da, Urteak esku artetik lasterka doazkit, eta lerratu zaizkit ustekabean. Dan-tza nahasi bat dabilt irudimenean, iraganarekin topo egiten dudalarik... Nork lekuske urte urdin ihesak.

Uxue Barkos eta Iñigo Urkullu Ataunen Joxemiel Barandiaranen Sara Etxean elkartu zirenekoa. Barru guztian sortu zidan dardaraldia eta somatu nuen astindua ez zen nolanahikoa izan, Ez dadila azkeneko aldia izan.

Bidera gaitezen, gure idatziaren hari mataza besterik baita. Atxiki gatzaizkion gureari.

Neure irudimenean oretzen edota buruan ausnarrean nerabilen gogoeta gozakaitz honen inguruan. Kemengabetua eta bihotz hausia naiz nere negar erostak lur antzuan isuriko ote diren beldur, Erlijioa eskolatik at uztea lehenengo urratsa besterik ez li-tzatekeela izango duda izpirik ez dut... Egoeraren beltzak ikusirik hauen berri, ostera berandu jakiten da gehienetan, begibistan bildots otzanaren jantziz ager-tzen baitira leun eta gozo, bertaratzean otsoaren haginka bizkarretik oharkabean pairatu behar.

Arestian esan dudanez. Heziketan eta eskolan gizatasuna eta gizabidea jorratzen diren ekimen edota ikasgai guztiak lehentasuna izan beharko luketela: Erlijioa bide giza-eskubideen aldarrikapena gauzatzeko iturburuetariko bat kristautasuna izan zen irudira, bata eta bestea eskutik joan beharko liratekeela deritzot, hala ez bada ere beti. Hala nola,berariz, begiz, Elizaren alkartasun ekimena errekonozituz Europako lehenengo eskola eta eritetxeen eraikuntzan. Kristauak, lehenengoak esklabuei anai deitura eman zietenak. Ikasgai honetan baloreak edo balioak ere txito lantzen direla aitortuz eta musika honekin lagunduta, beti ere... Eta tartea izan beharko luketela baita ere etikak, heziketa emozionalak, jazarpenari aurre egiteko ekitaldiak, e.a...

Kendu makarrak begitatik, begibista lausotua dugu Euskal kultura eta kristautasuna uztarturik ezagutu izan ditut. Gure historia, artea, literatura eta kultura ulergarria izateko erlijioarekin estu-estu loturik daudela eta hainbat gertakizun, pertsonai historiko, artistiko eta literario ulerkaitzak izango litzaizkigukeela. Arantzazuko santutegian aurreko mendean lehenengo urratsak iruten ziren bitartean siniste handiko gizon-emakumeak (apaizak tartean) eskertuezinezko eta neurrigabeko lanari ekin zioten: Euskararen zutabeak eraikitzeari hain zuzen ere (Euskaltzaindia).

Ume-sostorra nintzenetik ageriko egin nahi izan dut. Nazaretheko Joshuarena maitasunezko kondairarik xarmagarriena dela. Historiagile batek zioen bezala (Flavio Josefok) behin maisua hil eta gero jarraitzailerik ez zela geldituko susmoa ez zen bete, bikoizten eta hirukoizten joan ziren kristauak. Jesusena da Jainkoak gure historian bete-betean eskuhartu zuenekoa, gure artean kirikolatu zenekoa; gizon-emakumeon ikuskera, pentsaera eta sentiera irauliz; hitz batez, hankaz gora jarriz. Bere bizkar gain jasotako gurutzea gure ikurra, indarra, argia eta arnasa bihurtuz.

Atxiki gatzaizkion gureari, sosak malkor gaiztoak lautzen omen ditu, bainan ezin uka, maitasunak dena leuntzen duela. Elizaren kondaira behazunez eta eztiz txotildua dago, sitsak pipizuloz jositako habea, bainan habe zaharrak oraindik zutik dirau. Elizaren buru den Aita Santua gizon zentzuduna, kato-katoa, sentibera eta buruargia gure ezaugarri edo erreferente morala eta etikoa bihurtuz. Sona, izen eta entzute handiko gizon batek; txikia bainan itzal luzea zuena eta duena; jakintsua bainan apala, otzana eta umila aldi berean, zuzen gosez beteriko gizonak esan ohi zidan. Joxemiel Barandiaranek hain zuzen ere; kristautasunaren ardatza gizatasuna eta gizabidea zirela.

Bukatzeko, ez dut haizeburu edo etxekalte izan nahi, orain arte euskal kulturaren alde eginiko lana eskertuz beti ere, umiltasun haundiz, agintaritza-makila duzuenoi aldaba joka natorkizue erlijioa bere-berean utz dezazuen eskatuz.

Zer demaigukezue?