rte zaharra txertoez idazten bukatu nuen eta txertoez idazten hasiko naiz urte berria. Horixe gure patua. Badirudi orain dela astebete zabaldu zen itxaropen zoroak iraungitze data laburtxoa zuela: lehen egunaren izaera sinbolikoa azpimarra-tzeko, ikusi genuen nola bigarren, hirugarren eta hurrengo egunetan txertatze erritmoa jaitsi zen (Eusko Jaurlaritzak agindu zituen asteko 8.000 txertatzeren eta benetan egindako 6.000 txertatzeren arteko desberdintasuna ez dela ezer azaldu digute); osasun langile gehiago beharrezkoak direla argi eta garbi gelditu da berriro ere (ez da lehen aldia izan, ez); eta logistika modako hitza bihurtu da. Eskerrak elurra etorri zela albistegietan beste zera bat ateratzeko.

Txertatzearen antolamendua zaila da, ez dut zalantzarik, hasierako kalkuluak gaizki egotea ez da hain harrigarria; horregatik uste dut hobe dela jendeari egia esatea itxaropen agian txikiagoak baina epe luzera sakonagoak eraiki-tzeko, eta ez festa bat ospatu Forondako aireportura kargamentu bat iristen den bakoitzean, geroago jendeari errieta egiteko alaiegi dabilelako kaletik eta, azken egunetan, menditik. Laburbilduz, itxura guztien arabera, kontuak luze, oso luze, joko duela. Agian, poliki-poliki kontatu beharko digute uda dela-eta egin ditugun fantasiak fantasia baino ez direla.

Bien bitartean bitxikeriak izango ditugu, Oiartzunen dagoen Aiton-Etxe horrena bezalakoa. Hasteko, izena ez zait fidagarria iruditzen. Ez dago handik amonarik? Are gehiago, ez dago handik aitona edo amona ez den gizon eta emakume adinekorik? Matxismoa eta adinkeria aldi berean, ez dago gaziki. Izana dela eta, zergatik gertatzen dira askotan horrelakoak "kontzertatuetan"? Badirudi eguneko zahar-etxe horretako zuzendaritzak osasun publikoaz eta txertoez inork baino gehiago dakiela, eta bertan daudenei, eta osasun publikoari, erraztasunak eman baino lehenago zailtasunak jartzeko trebetasuna duela. Pandemia hasi zenetik. zainketen izaera publikoaz bizi-bizi izan dugun eztabaidak ere luze, oso luze, joko du, antza.