uri asko gustatzen zaigu zinemara joatea". Esaldi hori, adibidez. Beti eman didate atentzioa besteen izenean hitz egiten duten pertsonek. Oro har, bikote baten parte izaten dira, eta, beren adierazpenengatik, badirudi euren harremana sinbiosi osora iritsi dela eta pertsona bakar bihurtu direla. "Gu ez gara inoiz gauez irteten".

Barregarri eta kezkagarri iruditzen zait aldi berean. Grazia egiten dit, alde batetik, euren bikotekideak benetan zer pentsatzen duen badakitela uste duten pertsonak egotea, baina, bestetik, kezka eragiten dit, askotan bikotearen kide bakarra izaten delako bien bozeramailea. Eta batzuetan iruditzen zait pertsona horrek, horrela hitz eginda, halako ziurtasunez esanda bere ondoan duenari zer gustatzen zaion eta zer ez, nolabait bere borondatea lapurtzen diola, bikotekidea bere gorputzaren protesi bat izango balitz bezala.

Arazoa non dago? Bada "zinemara joatea gusta-tzen zaigu" esaldi horren jatorria askotan izan daitekeela bikotekide bakarraren gustua, zeinetara besteak egokitu behar izan duen. Horregatik, "Gu" hori entzutean, normalean susmagarria egiten zait eta nondik datorren asmatzen saia-tzen naiz.

Badakit norbaitek esango didala "gu" hori erabiltzea oso ondo dagoela, eta beste eremu batzuetan beti aldarrikatzen dugula izpiritu kolektiboaren garrantzia, beti esaten dugula kontuan izan behar dugula elkarrekin lotuta gaudela eta ez gaudela bakarrik munduan, baina kon-tzientzia kolektiboa gizarteak funtziona dezan funtsezkoa dela sinistu arren, aldi berean pentsatzen dut ze garrantzitsua den norbanakoak irizpide propioa eta autonomia izatea, erabakiak askatasunez hartu ahal izateko. Eta bikote baten kasuan, gainera, uste dut, ezinbestekoa dela autonomia horri eustea, ez bakarrik bikotekide bakoitzaren onerako, baita bikotearen onerako ere. Izan ere, zertaz hitz egin edo eztabaidatu behar duzu bada zuk bezala pentsatzen duen batekin edo zuregandik ia ezertan bereizten ez den batekin? Hala ere, beti esan diezadake norbaitek: "Ba guri berdin pentsatzea gustatzen zaigu". Bada, hala bada, ez dut beste ezer esateko.