Margarita Nafarroakoak idatzitako Heptameronaren lehen liburukia jendaurrean aurkeztu zen, estreinakoz euskaraz, jendaurreko irakurraldi batean Iruñeko Kondestablearen Jauregian, hilaren 2an. Hirurogei lagun inguruk parte hartu genuen eta, duda ez da, arrakastatsua ian zen Booktegiren eta Nafar Ateneoaren artean antolatutako jardunaldia. Bihoazkie eskerrik beroenak aldez edo moldez parte hartu eta lagundu duzuen guztiei.Ez dago, haatik, arantzarik gabeko arrosarik, eta badut, maleruski, arantza bat bihotzean, bertan ez baitzen egon Nafar Gobernuko ordezkaririk; izan ere, Nafarroako Gobernuak, gezurra dirudien arren, ez du lagundu Nafarroako Margarita erreginaren liburua euskaratzeko proiektuan, ez diruz, ez parte hartuz, inori baino lehenago jakinarazi zitzaion arren Booktegiren eta Nafar Ateneoaren egitasmoa. Bulego batetik bestera ibili da gure erregina eta erantzunik ez du oraindik jaso. Harrigarria zait, zin-zinez, Margarita Nafarroakoaren Heptamerona klasikoaz Nafarroako Gobernuak erakutsitako interes eza.Heptameronaren beste liburukiak euskaratzeari ere ekin zaio, eta eskerrak hor dugula crowdfunding baten bidez bildutako dirua, lau mila euro baino gehiago; bihotz-bihotzez mila-mila esker diru-bilketan lagundu duzuen guztiei; ezin eskerrak eman, berriz, Nafarroako Gobernuari, Nafarroako Margarita erreginaren lehen liburukia euskaratzen ez baitu lagundu... orain arte bederen. Bada okerra zuzentzeko garaia.