Ekonomia izango da zientzia guztien artean “zientzia zehatz” kontzeptutik gehien aldentzen dena, azken garaian ikusten ari garena kontuan hartzen bada. Egia da ekonomia zenbakiz beteta dagoela eta zenbakiek itxura formala edo zehatza edo objektiboa ematen diotela ukitzen duten orori, baina aspaldidanik dakigu zenbaki hotz horiek ere ideologia dutela eta, zer esanik ez, zenbaki horien gainean egiten diren interpretazio guztiek.

Azken aldian interpretazio katastrofistak ugaltzen ari dira: den-dena oker dabil eta okerrago ibiliko da aurrerantzean. Niri katastrofeak zineman gustatzen zaizkit, baina ez nire bizitza egunerokoan, noski. Macron presidente frantsesak oparotasunaren garaia amaitu dela adierazi zuenean, pentsatu nuen askorentzat oparotasuna ez dela inoiz heldu eta ez zaiela axola izango inoiz eduki ez duten zera hori bukatzen baldin bada, baina hitzok hedatzen duten mezu ezkorrak guztiok busti egingo gaituela; bestalde, oparotasunaren maila altuenean bizi direnek hor edo gorago segituko dute, krisiak aukera berriak baino ez dira eta zabor hori guztia. Ezkortasuna, irakurri berri dut, eskuinekoa da, edo eskuinaren pentsamoldea indartzera dator. Ez dakit. Batzuek katastrofismo horren kontra gogor jotzen dute: ez dela hainbesterako, ezin dugula bizitza horrela ozpindu, etorkizunean interes tasak eta gasaren prezioak jaitsi egingo direla, Ukrainako gerra bukatuko dela, hartzen ari diren neurriak egokiak direla eta abar. Ez dakit. Magiaz eta autolaguntzaz beteriko baikortasun xalo horrek ere ez dirudi oso ezkerrekoa. Balizko etorkizun zoriontsu horrek, gainera, errauts eginda aurkituko nau beharbada (bai, pertsonalegia da azken hori).

Uste dut ezkortasun katastrofista, antza, eskuinekoak eta baikortasun inozo sozialdemokratak (barkatu, barkatu) gainditzeko tresna bakarra egia dela. Baina egia zaila da, ez dugu benetan jakin nahi, ezerosoa da. Eta mingarria, egiak gure jendartearen barne ilunenak indartsuegi argiztatu ahal duelako. Nonbaitetik hasteko: klase ertainarena gezur handiena izango balitz?