Ume bat hurbildu zait. Begietara begiratu eta galdetu dit: Eta zuk zenbat urte dituzu guztira? Gaindituta neukan kaletik norbaitek “señora” deitzea, jada ez dit minik egiten lehen aldian egin zidan bezala, baina aitortu behar dut “guztira” hori labankada bat bezala sentitu dudala sabelean. Bat-batean, historiaurreko animalia sentitu naiz.

Agian ez nukeen hain sakon sentituko azken aldian ez banitu jasoko handik eta hemendik nire zahartzeari buruzko hamaika mezu. Algoritmoak etengabe gogorarazi nahi dit denbora aurrera doala eta eragina duela nigan. Sare sozialetan sartu eta berehala inbasioa sentitzen dut. Leku guztietan agertzen zaizkit zahartzaroaren gainbeheratik ihes egiteko moduak: besoen azpiko azalaren biguntasuna ekiditeko krema magikoa agertzen zait han, begi-zuloak mirariz desagerrarazten dituen roll-on bat bestean… Edonon agertzen zaizkit legging-etan jantzitako emakumeak ariketak egiten edo aldizkako baraualdia egiteko gonbidapenak, argaltzeko bakarrik ez, baita azala gazteago mantentzeko ere. Argi dago galdera egin didan mutikoa ez dela nire bizi-unea zein den agerian ikusten duen bakarra. Eta denen artean, zahartzearena nire errua dela sentiarazten didate: agian ez dut krema egokia erabiltzen.

Gaur mezu elektroniko bat iritsi zait mezu baztergarrien txokora: “Ezagutu itzazu gizon heldu interesgarriak zure zonaldean”. Eta eztanda egin du zerbaitek nire barruan: bai, badakit mende erdia gainditu dudala, kontziente naiz, ez didazue etengabe gogoratu behar… Eta, bide batez, ni zahartu izanak ez du esan nahi derrigorrez “gizon helduak” interesatzen zaizkidanik.

Galdera egin didan haurrak ez du ideiarik ere bere hitzek eragin dutena, urak gainezka egiteko behar zuen tanta bihurtu direla. Nire zahartze prozesua gelditzeko etengabeko alertak jasotzeaz zein nekatuta nagoen erakutsi dit. Baina ez naiz berarekin haserretuko, benetan uste baitut opari bat egin didala. Izan ere, orain, zuzenean zenbat urte ditudan galdetzen didaten hurrengoan, hau izango da nire erantzuna: ¿Nola? ¿Guztira?