Asko gara gure herriko etorkizuna hezkuntzari lotuta ulertu eta benetako ahalegina egi(te)n dugunak semealabentzako ustez egokiena den hezkuntza-proiektua hautatzeko. Hezkuntza-kezka ez da gaurkoa Euskal Herrian. Euskararen eta euskal kultuaren zuzpertze giroan XX. mende hasieran sortutako ikastolak Estatu-Kolpeak lehenik eta diktadurak gero lurperatu egin zituzten.

Halere, euskal gizarteak eutsi egin zion berariazko euskal hezkuntza-ereduaren hazia izango zen hari. Urte ilunetan hainbat gurasoen hezkuntza-apustuaren oihartzuna hedatzen joan eta giza- zein erlijio-talde bat baino gehiagok eredu didaktiko hura bereganatu zuen. Diktadura amaitzean, eskola publiko demokratikoaren ideia –eta errealitatea– eratzen hasi zen. Ordurako, euskal gizartearen adorez aurreko urteetan eraikitako sistema errealitate finkoa zen eta bere alde sendoak eta ahulak kontutan hartuz joan zen eraikitzen euskal euskal publikoa.

Aurrekari hauekin ez da harritzekoa Euskal Hezkunzaren Legea ateetan daukagunean hainbat iritzi eta eskabide agertzea. Ona litzateke gaiaren garrantziaren mailakoak balira akordioaren bilako lanak.

Funtsean, hezkuntza-eskubidea herritar guztiei bermatzea da hezkuntza-erakunde publikoen betekizun nagusia. Sasoi batean eskubide horrek ezinbestean zekarren jabetza publikoko ikastetxeak sortzea, pertsona guztiak eskolatzeko aukera bakarra baizen.

Egungo egoera bestelakoa da. Hezkuntza, zerbitzu publikoa da eta ikasle guztiei eskaintza egitea dagokio, beste eskubideak ere kontutan hartuta, hala nola, euskara ikastekoa, eskola hautatzekoa edo kalitate eta ekitatezko hezkuntza josatzekoa.

Eskola Publikoaz soilik hitz egiten den egun hauetan, azpimarratu beharra dago euskal kultur-baloreak oinarri dituzten hezkuntza proiektu orotan diharduten ikasleei ere eskubide bertsuak zor zaizkiela. Euskal Hezkuntzak, parametro horietan aritzen diren hezkuntza-proiektu guztiak ditu bereak eta denak ditu beharrezkoak euskal gizartearen borondatea hori den bitartean.